Kultur Etxean abiatu dituzten lanen ondorioz zenbait zerbitzu Okondoko erretiratuen etxean kokatu dira obrak bukatu arte. Horren adibidea da udal liburutegia. Zerbitzu horren kokapen berria erretiratuen etxea izango da eta dagoeneko leku aldaketa hasi dute.
Baina Kultur Etxean aurreikusi diren hobekuntzek -irisgarritasunaren aldetik gehienbat- ondorio gehiago izango dituzte. Kultur elkarteek egoitza bertan dutenez, lanek irauten duten bitartean erretiratuen egoitzan ere garatu beharko dituzte haien jarduerak. Aldaketa horiek jakinarazteko bilera deitzeko asmoa du Udalak. Hala ere, Sergio Tato alkateak aurreratu duenez: “ez da bilera formala izango, kultur elkarteko kideekin bilduko gara eta jakinaraziko diegu hemendik aurrera eta lanak bukatu arte erretiratuen etxea erabili beharko dutela.”
Ate irekien jardunaldiak udaletxean
Obrak direla eta leku aldaketa gehiago eman dira Okondon azkenaldian. Orain dela gutxi itzuli dira zerbitzu guztiak udaletxera eta ate irekien jardunaldia egingo da gaur, 11:00etatik 14:00etara, instalazio berriak herritar guztiei erakusteko. “Eraberritzeak udaletxea erabat aldatzea ekarri du, eta ondorioz, eraikin modernoa, irisgarria eta ekologikoa da orain” Itziar Kastrexanaren ustez.