Datorren larunbatean, apirilaren 12an, Okondogoiena Elkarteak San Roman auzoko gizarte etxearen inaugurazioa ospatuko du. Oso zaharkituta zegoen eraikina zaharberritzea lortu dute San Romaneko auzokideek, aitzinako eskolako eraikina hain zuzen, eta auzoko historiaren parte dena.
Foru Aldundiak emandako laguntzarekin eta Okondoko Udalak eskainitako koordinazioa eta materialen eskaintzarekin, auzolanean aritu direnek kanpoaldeko lurrak egokitu eta barrualdean konponketa lanak gauzatzea lortu dute.
Inaugurazioa dela eta, egitarau berezia prestatu dute arratsaldeko seiak aurrera. Lehenengo, “Okondogoiena XX. mendean” izena duen hitzaldia emango du Asier Perez de Eulate historialariak. Ondoren, marrazki lehiaketa egongo da haurrentzako eta amaitzeko lunch bat egongo da jardueretan parte hartuko duten guztientzako.