Okondoko kultur etxean, bolatokian eta Ugaldetik Landetara doan errepidean obrak egingo dituzte. Azkeneko udalbatzan onartu ziren egitasmoak eta abendua bitarte garatuko dira. Lanak aurrera eramateko hainbat diru-laguntza jaso dituzte.
Okondoko kultur etxean igogailua jarriko dute. Izan ere, jende asko igarotzen da bertatik. Kanpoaldearekiko harremana hobetzeko bi aldaketa egingo dituzte: errepide nagusiarekin lotura, eta aparkalekutik elizarako bide zatia. “Nibelak jaitsiko dira, kultur etxerako sarbiderako pasarela jarriko da...”, adierazi du alkateak. Lehen solairuan, aldiz, igogailua jarriko dute. Bestalde, areto guztietan irisgarritasun legea betetzeko komunak eta ateak erreformatuko dituzte. Aurrekontua 260.000 euro ingurukoa da.
Bolatokian aldiz estalkia jarriko dute. Horretarako, auzolana baliatuko dute. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak diru-laguntza berezien bidez materiala ordaindu egingo die. Eskulana, aldiz, herritarrek egingo dute. Alde batetik lateral bat itxiko dute, egurra eta kristala erabiliz. Beste aldetik, kanaloiak eta bajanteak jarriko dira. Baita lurra, elektrizitatea eta ura konpondu ere. Bestalde, bolatokira sartzeko harrizko bide bat egingo dute. Egingo den azken inbertsioa errepideen konponketa izango da. Batetik, Ugaldetik Landetara eta bestetik Ibarra baserriko bidekoa. 35.000 euro balioko du obrak eta abendurako bukatuta egongo da.