Güeñes (Bizkaia) eta Ezkio-Itsaso (Gizpuzkoa) artean 400 kilowatteko goi tentsioko linea jarri nahi du Red Eléctrica Española enpresak, AHTren behar energetikoak asetzea helburu. Linea horrek Okondo zeharkatuko luke, dorre altuen bidez.
EAJren legebiltzar taldeak egitasmo horren aurkako osoko zuzenketa aurkeztu du berriki, eta bi alternatiba proposatu ditu.
Lehenengo alternatibaren arabera, linea berria eraiki beharrean, egun daudenen ahalmena areagotu beharko litzateke. Linea horiek Güeñes eta Gatika artean eta Gatika eta Ezkio-Itsaso artean daude eta Mungia inguruan bat egiten dute. Zehazki, linea horien ahalmena bikoiztea da EAJren proposamena.
Bigarren alternatibaren arabera, berriz, ur-azpiko lotura elektrikoa egingo litzateke Kantauri itsasoan. Linea Galiziako Xove, Asturiasko Tabiella, Cantabriako Astillero eta Bizkaiko Zierbena eta Gatika herrietatik igaroko litzateke, eta azken puntu horretatik Europako argindar sareari lotuko litzaioke.
Halaber, Red Eléctrica Españolari Legebiltzarrean aurkeztutako alternatiben berri eman diezaiola eskatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzari.
Gogorarazi behar dugu, bestalde, argindar-lineak zeharkatuko lituzkeen herri gehienetako agintariek egitasmoaren aurkako alegazioak aurkeztu dituztela, proiektu horrek ingurumenean eta herritarrengan kalte handia eragingo lukeela argudiatuta.