"Kirola euskalduntzen saiatzen gara, oso esparru erdalduna baita"

Aitor Aspuru Saez 2014ko urt. 9a, 10:31

KOIKILI LERTXUNDI (Otxandio, 1980) Mirandes futbol taldeko jokalaria da. Ospetsua egin zen Athleticen jokatzen zuenean eta euskara sustatzeko hainbat ekimen babestu ditu. Ostiralean Astobitza Upategian egongo da 19:30ean hitzaldia ematen. Alex Txikon mendizalearekin solasaldia egingo du.

 

Zein da hitzaldiaren helburua?

KOIKILI LERTXUNDI (Otxandio, 1980) Mirandes futbol taldeko jokalaria da. Ospetsua egin zen Athleticen jokatzen zuenean eta euskara sustatzeko hainbat ekimen babestu ditu. Ostiralean Astobitza Upategian egongo da 19:30ean hitzaldia ematen. Alex Txikon mendizalearekin solasaldia egingo du.

 

Zein da hitzaldiaren helburua?

Helburua argia da, kirolaren bitartez euskararen erabilera sustatzea. Egun honetan sentsibilizazioa lortu nahi dugu. Publikoak ikus dezan, agian beraientzat erreferentzia diren kirolariek normaltasunez hitz egin dutela euskaraz eta beraiek ere izan ditzaketen trabak gainditu ditzaketela.

Kirol profesionalak zer nolako harremana du euskararekin?

Egia esanda aldakorra da eta kirolez kirol badaude ezberdintasunak. Adibidez, duela gutxi Aiaraldean ibili ginen hitzaldi bat ematen, Iñaki Iza eta Mikel Urrutikoetxea pilotari bizkaitarrek solasaldia egin zuten Luiaondon eta aipatu zuten pilotan euskararen erabilera nahiko handia dela. Herrialde ezberdinetako pilotariak daude eta beraien artean euskara da komunikazio hizkuntza.

Errioxarrekin ere, nahiz eta beraiek ez egin, euskaraz mintzatzen dira haien aurrean eta batzuk zeozer ikasi dutela aipatu zuten.

Baina beste kirol batzuetan egoera ezberdina da. Futbolean adibidez nik izan ditudan esperientziak ezberdinak izan dira. Orain Mirandan nago eta bertan erabilera urriagoa da Athleticen baino. Eta Athleticen baitan ere bazeuden ezberdintasunak. Euskara gehien erabiltzen dutenak gipuzkoarrak dira, gero Bizkaitarrak, Nafartarrak eta Arabarrak.

 

Alex Txikonekin egongo zara, nola uztartzen dituzue zuen esperientziak?

Gidoia egiten da aurretik. Biok eta moderatzailea ere egon gara. Moderatzaileak gidatuko du hitzaldia batez ere landu nahi ditugun gaietarantz. Kasu honetan kirola eta euskara eta kirolaren balioak.

Publikoak ere tarte bat izango du itaunak luzatzeko eta bukatzeko, Alex Txikon nahiko pertsona berezia denez, bere abenturei buruzko bideo batzuk eskainiko ditugu. Uste dugu nahiko erakargarriak direla eta bere ibilbidea azaltzeko egokiagoak dira irudiak hitzak baino.

Ez da ohiko eredua izango, hizlari bakoitzak ez du 20 edo 25 minutu jarraian hitz egingo. Gainera ostiraleko arratsaldea ez da une egokiena horretarako, beraz, zeozer dinamikoagoa egin nahi dugu.

Moderatzaileak kazetari lanak egingo ditu galdera zuzenak eta erantzun laburrak lortzeko. Horrela publikoak hobeto pasako du, nahiz eta gaia interesgarria izan.

Kirol profesionalaren aldetik, Athletic utzi eta Mirandesera joan zara. Lasaiago bizi zara?

Bai (barreak). Egia esanda lasaiago bizi naiz. Dena den enpresa daukat eta bizitza pertsonalaren esparruan aita izan naiz. Nahiko bizitza mugituta daukat baina kirolaren arlo horretan Athleticen inguruan dagoen zurrunbiloa ez dago Mirandan eta lasaiago bizi naiz.

 

Hala ere zure profila ez da ohikoa. Futbola baino lehen beste kirola egin zenuen, modu arrakastatsuan gainera, historialaria eta enpresaria zara, zure iritzi politikoak plazaratu dituzu behin baino gehiagotan... Zer nolako eraginak izan du horrek guztiak zure bizitzan?

Argi dago beste batzuekin alderatuta ezberdintasun handiak daudela. Arlo pertsonalean bakoitzak gure historia daukagu eta nire kasuan nahiko berandu iritzi nintzen futbol profesionalera, 26 urterekin zehazki. Normalean gazteago heltzen da jendea futbol profesionalera.

Nik 26 urte izan arte hainbat gauzetan aritu naiz eta horrek ematen du ezberdintasuna. Bai ikasketen zein bizitzako komedien aldetik. Agian horregatik apur bat ez ohikoa da nire ibilbidea.

Gero, esan duzun bezala, borroka librea egiten nuen eta Euskal Herrian ez da oso ohiko kirola. Nahiz eta orain Maider Undari esker ezagunagoa bihurtu zaigun, zorionez.

Furbol profesionalean bukatu bezain laster ziurrenik zure enpresan lan egingo duzu burubelarri. Zeintzuk dira enpresan jorratzen dituzuen esparruak?

Enpresak bi adar ditu. Alde batetik euskara sustatzearena sentsibilizazioa, trebakuntza eta zuzenean esku hartzearen bitartez.

Finean, kirola euskalduntzen saiatzen gara, zoritxarrez oso esparru erdalduna baita. Batez ere irakaskuntzaren aldetik. Kirola erakusten dutenak nahiz eta euskaldunak izan, beraiek jaso duten irakaskuntza prozesua erdaraz izan da. Horrek arazoak sortzen ditu duten ezagutza euskaraz transmititzeko.

Enpresaren beste adarra da pertsonetan oinarritutako sistemak. Nolabait pertsonaren baitan sartzen gara eta hortik abiatuta saiatzen gara laguntza ematen bere bizitzako helburuak bete ditzan eta bere bizitzan dagoen proiektutan buru-belarri sar dadin. Baina pertsonalitatearen ikuspuntu batetik. Ez soilik kurrikulumaren ikuspuntutik. Pentsatzen dugu gai izanez gero gustuko dugun esparruan lan egiteko -zuen kasua adierazgarria izan daiteke- normalean jendea gustora dago. Diruak badauka garrantzia, ordutegiak ere, baina askotan bigarren mailako kontuak bilakatzen dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide