Okondoko hirigintza plana herritarren parte hartzearekin egiten ari dira. Hala azaldu du Sergio Tato alkateak. Duela urte bat hasi ziren plangintza egiten. Oraingoz, egitasmoa aurkeztu eta azaldu dute. Elkarteekin, herritarrekin, alderdiekin... elkartu dira. Kaltetuekin edo lurren jabeekin ere izan dira, informazioa jasotzeko.
Planak bi fase ditu: hasierakoa, ekarpenena, behin behineko onarpena, alegazioena eta behin-betikoa. Tartean, ordea, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak Hirigintza Planaren proposamena onartu beharko lukete.
Besteak beste, eraikin kopurua murriztea dute buruan; “aurreko lege-agintaldian etxebizitza gehiago zeuden aurreikusita. Diseinua mantenduko da, baina kopurua murriztu”. Azaldu duenez, herria kohesionatuago biltzea dute helburu: “Bi kale nagusi ditugu Okondon baina ez daude lotuta. Okondok zentro sozial bat behar du. Gure proposamena elizaren eta kultur etxearen ondoan jartzea da, bizitza soziala bertan garatzeko”. Horren inguruan dendak eta komertzioak jartzea gustatuko litzaieke.Alkatearen hitzetan parte hartzea edo eskaerak ez dira asko izan. Aurki, ordea, alegazioak aurkezteko epea zabalduko dute. “Talde erredaktoreak azterketa bukatu eta laster aurkeztuko ditu aldaketak”. Plana martxan dago, garapena ez. Urte amaierarako lehen fasea amaitzea espero dute; behin-behinean onartzea. Informazio gehiago lortzeko udalera jo daiteke.