Sergio Tatok, Okondoko alkateak, adierazi duenez, udaletxeko lanak orain hilabete eta erdi hasi ziren eta, datorren martxorako bukatuta egotea espero du. “Oso lan gogorra izan da: udaletxea hustu, guztia kultur etxera eraman eta gune administratiboan bilakatzea” esan du.Herriko kontsultategi berria zabaldu zenetik, udaletxeko beheko solairua hutsik geratu zen, gizarte laguntzailea baino ez baitzegoen bertan lanean. Izan ere, osasun arreta zerbitzua orain arte udaletxearen barnean egon da kokatuta.
Lan hauek egiteko aurrekontua gutxi gorabehera 260.000 eurokoa dela adierazi du Tatok. Proiektu eta altzarien gastua ere horri gehitu behar zaiola gaineratu du. Eraberritzea egin ahal izateko, Arabako Foru Aldundiak gastuen %60 ordainduko du. Bestaldetik Okondoko udalak EEEri eta Eusko Jaurlaritzari irisgarritasun lanak egiteko diruz laguntzeko eskatu die. Azken honek zenbateko laguntza emango duen oraindik ez dakite.
Eraberritze lanak, bi zatitan
Orain, udaletxea eraberrituko dute. Horretarako, lanak bi zatitan banatu dituzte. Alde batetik, udaletxeko goiko pisuan zeuden zerbitzuak behera jaistea. Besteak beste, zergak ordaintzea eta gainerako lanak. Hau da, kontu administratiboak beheko solairuan izatea. Eta, bestetik, irisgarritasunari dagokionez eraikineko solairu biak batuko dituen igogailua jartzea. Orain arte, aulkiak igotzeko aparatu berezi batekin moldatu dira.