Okondoko San Roman auzoan ekitaldiak antolatzeko gizarte etxea egiten ari dira. Antzinako ikastolan kokatuko da. Egitasmoa auzolanean garatuko dute. Horretarako, Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso dute, materiala haiek ordainduko dute. Lana, ordea, herritarrek egingo dute.Egun, 200 lagun bizi dira San Romanen. “Eraikina eliza parean dago, inguru politean. Zaharra da, baina polita”, esan du Sergio Tato alkateak.Helburua, edozein pertsona edo eragilek ekintzak antolatzeko beste gune bat izatea da. Dagoeneko obrak hasi dira eta abenduan amaitzea espero dute: “Epea duela bi hilabete hasi zen, abuztua eta irailean lanak antolatzen ibili ginen: ordutegiak, materiala...”.Orain arte solairuetako leihoak kendu eta konpondu dituzte. Gutxi gora behera 10 lagun ari dira txandaka elkartzen.
Jubilatuen etxean konponketak
Sergio Tato alkateak azaldu duenez jubilatuen etxean ere konponketak egingo dituzte. Egurrezko solairua baldosengatik ordezkatuko dute, leihoak aldatu eta berogailu sistema berritu. Proiektua iaz aurkeztu zioten foru aldundiari, obra txikien planaren baitan. Azaroaren 30erako aurreikusi dute lanen amaiera.Bestalde, Okondoko Malkuartu portuko errepidearen egoera hobetzeko lanak ere aurki abiatuko dituela Arabako Foru Aldundiak aurreratu du Sergio Tatok.