Okondoko Udalak kontratatutako langileen egoera erregularizatzea eskatu dio EAJk gobernu taldeari. Alderdi jeltzalearen ustez, bi dira aurkitu daitezkeen irregulartasun nagusiak.
Alde batetik, eta EAJren arabera betiere, “inolako prozedurarik gabe” kontratatutako lagileak daude, “autonomo faltsuak” direnak.
Beste aldetik, aldi baterako lan kontratu “iruzurrezkoekin” dauden langileak egongo lirateke, lanpostua “inolako frogarik egin gabe” lortu dutenak.
Guzti hori kontuan hartuta, sektore publikoko lanpostuek berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatu behar dituztela gogorarazi du EAJk, “legeak hala zehazten duelako”. Hori dela eta, enplegu plan “adostu, erreal eta jasangarri bat” behar dela ondorioztatu du alderdi jeltzaleak, “udaletik eskaintzen diren zerbitzuak betetzeko zenbat lanpostu behar diren jakiteko”. Langileen egoera “egonkortu” behar dela ere gaineratu du, “euren egoera momentuan gobernuan dagoen alderdiaren menpe eta etengabeko mehatxupean egon ez dadin”.
Hortaz gain, irregularki kontratatutako langileei kalte ordainik ordaindu beharko balitzaieke, kontratatu zietenek ordaindu beharko liekete, alderdi jeltzalearen ustez. “Ezin delako onartu Okondoko herritar guztien artean ordaintzea”.