Eskualdeko trikitilarien II. topaketa ospatuko da datorren martxoaren 24an. Topaketa hori XIV. Baserri Azokaren baitan antolatu du Okondoko Udalak.
Hala, ugariak dira soinu-tresna horren inguruan egun horretarako prestatutako ekintzak. Hasteko, 11:30ean Trikitilarien topaketa egingo da Baserri Azokaren esparruan eta handik hasita kalejira burutuko da. Erakustaldia egongo da ondoren, 12:20an. Bertan parte hartzen duten trikitilari bikoteek beraiek aukeratutako bi pieza joko dituzte.
Handik ordubetera parte hartzaileei luntxa eskainiko zaie eta ordu bat beranduago “Triki-jaia” egingo da. Besteak beste, opariak emango zaizkie bertaratutako trikitilariei.
Jaialdiaren helburua Trikitixa “sustatzea” dela adierazi du Udalak. Hala, topaketetan izen ematea eskualdeko trikitilari orori zuzendu dute. Argazkiaren azpialdean dago bikoteek bete beharreko inprimakia.