Okondoko Udalak adierazpen instituzionala onartu du gaur ez ohiko udal osoko bilkuran Kutxabanken sukurtsalaren balizko itxierari buruz. Izan ere, hurrengo astean itxiko duela iragarri du bankuak.
EAJ, EH Bildu eta Okondo Aurrera taldeek adierazi dute horrela itxieraren aurka daudela, berebiziko zerbitzua baita mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat edo tresna informatikoak menperatzen ez duten lagunentzat.
Halaber, udalak jakinarazi du Kutxabankek herria utziz gero, erakundeak aztertuko dituela entitatearekin dituen harremanak.
Bide batez, gogoratu diote kutxek helburu sozialak ere bazituztela eta beharrezkoa dela banku baten zerbitzua Okondo bezalako landa eremuak garatu daitezen.
Gainera, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta EUDELen esku hartzea eskatu du. Aldi berean, herritarren artean sinadura bilketa bultzatuko du. Zentzu horretan, herritarrek abiatu dute bilketa eta farmazian, liburutegian eta udaletxean bete daitezke.
Bestalde, bihar 19:15ean bilera egingo dute Kultura Etxean sukurtsalen itxiera lantzeko.