Argitaratzen duzun bigarren diskoa da honakoa. Zertan ezberdintzen da lehenengotik?
Hainbat gauzetan. Bigarren disko honek gospela jorratzen du. Argitaratu nuen lehen lana, aldiz, oso anitza zen. Bazuen euskal folklorean oinarritutako zati bat, eta baita musika klasikora edota amerikarrera bideratutako beste atal bat ere. Nire familiari eta nire musika eta koru ibilbideari dedikatua zegoen.
“Entzuteko atsegina suertatzea izan da nire helburua”
Zer nolako gospela topatu daiteke zure bigarren lan honetan?
Diskoko abesti guztiak dira gospel generoko eta espiritu beltzeko kanta tradizionalen bertsioak. Entzuteko atsegina suertatzea izan da nire helburua. Lan anitza da, ahotsa eta pianoa uztartzen dituena.
Hala ere, badaude ahotsa soilik duten zenbait abesti: Lord, How come me here... bihotzarekin abestutako kantak daude, eta baita elizako bi ereserki tipiko ere. Summertime abestiaren bertsio bat ere topatu daiteke, biolin bihurri batez lagunduriko ahots erritmiko batekin.
Badaude baita Gabonetako hiru abesti, diskoa garai horretan egin nuelako eta urte berria zoriontzeko baliatu nuelako.
Noiz sortu zitzaizun abesteko grina?
Ez dakit zer den abestera bultzatzen nauena. Baliteke beharrizan bat izatea, besterik gabe. Beti izan dut gogoko gospela, eta banuen musika genero hori probatzeko gogoa. Horretarako une egokia iruditu zitzaidan gainera. Oroimena lantzeko musika egoki bat iruditzen zait, denbora igaro arren bidegabekeria eta berdintasun eza handia daudelako oraindik.
Beste aldetik, beti mirestu izan ditut gospel ahotsa duten emakumeak, sentimenduak trasnmititzen eta ileak tente jartzen dakitenak. Eurekiko omenaldi oso xume bat da diskoa.
“Ez dakit zer den abestera bultzatzen nauena. Baliteke beharrizan bat izatea, besterik gabe”
Zer nolako harrera jaso du lanak?
Diskoa harrera ona izaten ari da jendearen partetik. Lagun batzuk harritu egin dira entzutean, musika zale batek bere baliabide propioekin eginiko lan bat delako. Laudion eskuratu daiteke CDa, Zuhaitza liburudendan eta Distira argazki-dendan.
Okondon, aldiz, Ventilla tabernan erosi daiteke. Web-gunea dut baita: www.elenaribadomiwep.es. Argazkiak eta abestiak topatu daitezke bertan.
Nolakoa izan da diskoa grabatzearen prozesua?
Bilbon egin da grabaketa. Dimitrri Bruevek grabatu, nahastu eta masterizatu du diskoa. Lan handia egin du, zaletuekin lan egin behar izan duela kontuan hartuta (barreak).
Irina Clancaren laguntza izan dugu, zentzu guztietan. Katarroa baldin banuen zerbait beroa ekartzen zidan abestu ahal izateko... sekulakoa izan da gurekiko izan duen tratua. Distira argazki-dendako Jabi arduratu da diskoko argazkiak egiteaz. Artitsa hutsa da, eta argazki-sesioan eroso sentiarazteko trebezia du gainera. Bera arduratu da baita CDaren diseinuaz. Sarbidek egin ditu diskoaren kopiak eta zabalpen digitala.
“Nire senarrak eta alabak ere abestu dute diskoan”
Disko honetan nire alabarekin abestu dut. Amazing grace eta Silent Night abestiekin estreinatu da bera abeslari gisa. Nire senarra, bere aldetik, Swing Low abestia kantatu du. Gaztetatik dabil abesbatzetan abesten.