Okondoko Udalak jakinarazi du herriko bide publikoen inbentarioa egingo duela. Zerrenda horren barruan sartuko dituzte “ibilgailuentzako bide nagusiak” zein “zoladurarik gabeko oinezkoentzako bideak”.
Gorosti Neurketak S.L. kontratatu du udalak lan hori egiteko. Ingeniaritza enpresak 12 hilabete baliatuko ditu lan hori egiteko, eta “metodo historiko-geografikoa” erabiliko du. Udaletik adierazi dute “garrantzi berezia” emango zaiola hasieratik “auzokideen zein interesa duten pertsona guztien parte hartzeari”.
Bilera irekia
Horri begira, erabiliko den metodologiaren aurkezpen publikoa egingo du enpresak otsailaren 21ean, Sendo S.L. enpresako teknikariekin batera. 19:00etan izango da zita, Kultur Etxean. Udaletik adierazi dute “garrantzi handikoa” dela aurkezpenera “informazioa eta iradokizunak” eramatea.