Angel Muriel Fundazioak zure lana aitortu eta saritu du, zer da erakunde hori?
Ángel Muriel Fundazioa, irabazi asmorik gabeko entitatea da, egoitza Huelvan duena. Fundazioa izen hori dauka minbiziagatik hil egin zen Angel Muriel Moreno enpresariaren omenez, Huelvan oso estimatua izan zena.
Fundazioren helburuak dira:
a) Minbizia diagnostikatu zaien pertsonei eta euren senitartekoei psikologikoki laguntzea eta babestea prozesu onkologiko guztian, minbiziak suposatzen dituen zailtasunei eta erronkei aurre egiten laguntzeko. Hori guztia dohainik izatea da fundazioaren helburua.
b) Minbiziaren inguruko ikerkuntzak aurrera eramateko ekintzak garatzea, horien artean urtero egiten dituzten sariak, bai onkologoentzat eta bai erizainentzat.
Zergatik eman dizute saria? Zer ikertu duzu?
Eratu berria da “I Premio de investigación Enfermería en Cuidados Oncológicos y Paliativos de la Fundación Angel Muriel". Sari horretan aurkeztu egin nituen ikerketaren emaitza nagusiak. Aurkeztutako beste lan guztien artean, epaimahaiak nire ikerketari eman dio saria, bai landu dudan gaiagatik eta bai ikerketaren kalitate metodologikoagatik.
Aurkeztutako lanaren izenburua eta saritua izan dena hau da: “Afrontamiento, Calidad de Vida, Resiliencia y otros factores psicosociales en personas con cáncer durante el tratamiento de quimioterapia sistémica ambulatoria: Un estudio longitudinal y multicéntrico”.
Ikerketa horren helburu nagusia izan da gehiago ezagutzea minbizia duten (kasu honetan bularreko, birikako eta koloneko minbizia) eta kimioterapia tratamendu sistemiko (zain barnetik) anbulatorioa jasotzen duten pertsonen bizipenak.
Pertsona horiek onkologiako eguneko ospitalera etorri behar dira hainbat ziklotan kimioterapia tratamendua jasotzeko eta egunean bertan etxera bueltatzen dira. Kimioterapia toxizitate altuko tratamendua da eta bigarren mailako ondorio asko eragiten ditu. Ondorioz, pertsona hauek kimioterapia ziklo batetik bestera bigarren mailako ondorio asko pairatu ditzakete etxean, gehienetan beraiek bakarrik eta familiaren sostengu sozialarekin.
"Ikerketaren helburu nagusia izan da minbizia duten pertsonen bizipenak gehiago ezagutzea"
Profesionalen laguntza ere badute, baina konplikazioren bat suertatuz gero, zailagoa da berehalako laguntza profesionala eskuratzea.
Onkologiako eguneko ospitalean erizain bezala niharduen garaitik, betidanik niretzat kezka profesionala izan da pertsona horien bizipenean sakontzea, kimioterapia tratamenduaren fasean bereziki dituzten zainketa-beharrak identifikatzea eta ondoren artatzearen hobekuntza bideratzea, batez ere, artatze hori gehiago humanizatzeko, gehienetan alderdi fisikoan zentratzen baikara, alderdi psikosoziala hainbeste lantzen ez dugularik.
Horren harira, gaixoen artatzearen hobekuntza izan da ikerketa bideratzeko estimulu nagusia.
Eta Ángel Muriel Fundazioak hori baloratu du, bat datorrena beraien helburu nagusiarekin. Eta baita ikerketaren diseinua eta kalitate metodologikoa.
Fundazioak saritzen du ekarpen berriak egitea. Zure kasuan zein izan da eginiko ekarpena?
Orain arte ikuspegi fisikoago batetik aztertu da era anbulatorioan kimioterapia jasotzen duten minbizidun pertsonen bizitza-kalitatea, gaixotasunak eta tratamenduak eragiten dituen mugen ikuspegitik; baina ez da ia ikerketarik aurkitu gaixoen bizipenak, ongizatearen eta emozioen aldetik, abordatzen dituena.
Horregatik ikerketa honetan kimioterapia jasotzen duten pertsonen bizipena ikuspegi holistikotik aztertu da, eduki sanitarioak eta psikologikoak aintzat hartuta. Ikerketaren helburua izan da kimioterapia tratamenduan norberak hautemandako osasunaren determinanteen inguruan ezagutza gehiago bereganatzea, horiek identifikatzeko eta ondoren artatzea hobetzeko programak eta interbentzio zehatzak garatzeko.
Horrez gain, ikerketa hau lehena da Euskal Herrian eta Espainian minbizia duten eta kimioterapia sistemiko anbulatorioa jasotzen ari diren pertsonen inguruan egiten den diseinu kontrolatu (multizentrikoa eta longitudinala) baten bitartez garatzen dena, prozesu onkologikoa pairatzen duten pertsonen inguruan ebidentzia gehiago ekarri dituena.
Gainera, bularreko, birikako eta koloneko minbizia duten pertsonen portaerak ere elkarren artean konparatu eta ikertu egin dira. Aurretik konparaketa hori egiten duten ikerketa gutxi daude munduan. Alde horretatik, oso ikerketa berria da, era berean ikerketa lerro berria irekitzen duena.
Zeintzuk izan dira zure lanaren ondorioak?
Ikerketaren bitartez frogatua geratu da kimioterapia tratamendua toxizitate altukoa dela eta tratamenduaren lehenengo ziklotik bigarren mailako efektuak dituela, pertsonen bizitza-kalitatean era garrantzitsu batean eragina dutenak, batez ere osasun fisikoan.
Tratamenduan, gainera, osasun fisikoa okertuz doa, pertsona horiek geroz eta muga gehiago dituztelarik euren eguneroko bizitzako jarduerak aurrera eramateko, lan-erritmoa mantentzeko, normalean izan ohi dituzten rolak betetzeko, egin ohi dituzten jarduera sozialak mantentzeko eta abar.
"Kimioterapia toxizititate altuko tratamendua da eta eragin fisiko eta psikologikoak sortzen ditu"
Nahiz eta tratamenduan pertsona horiek osasun mentala mantentzen duten, beraien afektibitatea edo egoera emozionala okertzen doa, euren ongizate emozionalean eragina izanez eta geroz eta urduriago, negatiboago, egoerari aurre egin ezin izango diotenaren sentsazioarekin… sentituz. Tratamenduan, zikloz ziklo, ikusi da pertsona horiek aurre-egite desadaptatiboagoak egiten dituztela eta euren erresilientzia gaitasuna ere gutxitzen dela.
Ikerketa horren bitartez argi geratu da kimioterapia jasotzen ari diren pertsonak tratamendu osoan laguntzearen garrantzia eta afektibitate positiboa mantentzeari zuzendutako eta afektibitate negatiboa saihesteari zuzendutako interbentzioak gauzatzearen garrantzia. Interbentzio horiek guztiak hobeto egingo lirateke diagnostiko momentutik planifikatuko balira, etengabe gaixoen egoera emozionala ere aintzat hartuz eta artatzea gehiago pertsonalizatuz.
Zer eragin dizu saria jasotzeak?
Saria jasotzeak lagundu egin dit ikerketaren helburua eta ikerketaren emaitzak ikusgarri egiten, bai Estatuan eta baita Euskal Herrian. Horrekin batera aukera izan dut pertsona horien eta euren familiaren artatze psikologikoaz arduratzen den Fundazio hori ezagutzeko eta egiten duten lan garrantzitsua zabaltzeko.
Ilusioz eta emozio handiz jaso egin dut saria, ikerketaren estimulu nagusia egoera horretan dauden pertsonak izan direlako eta sari hori gaixoen aldetik datorkidalako, nahiz eta epaimahaia profesionalez eratuta egon den eta sariaren erabakia zorroztasun handiz hartua izan den erizaintzako profesional nabarmenen eskutik, horien artean Huelvako Erizainen Elkartea eta Huelvako Erizaintzako Fakultatea.
Nola burutu duzu ikerketa?
Ikerketa horren ikertzaile nagusia ni izan naizen arren, beste hainbat ikertzaile kolaboratzaileen laguntza izan dut, horien artean onkologoak, psikologo bat eta erizainak. Hemendik, guztiei eskerrak ematea gustatuko litzaidake. Nahiz eta ikerketaren zama nagusia nik eraman, beraien laguntza ezinbestekoa izan da ikerketa aurrera eraman ahal izateko.
"4 urte baino gehiago eman ditut ikerketa burutzeko"
Ikerketak 4 urte baino gehiago eraman digu eta esfortzu handia izan da. 247 gaixoei jarraipena egin diegu kimioterapiaren tratamenduan zehar (ikerketa longitudinala), gaixo bakoitzari tratamenduaren hasieran, erdian eta amaieran jarraipena eginez.
Hori oso neketsua eta anbizio handikoa izan da, baina lortu dugu eta horrek izugarri pozten nau, batez ere, gaixoen bizipena gehiago ulertu ahal izan dugulako eta horrek lagunduko duelako pertsona horiei ematen zaien artatzea hobetzen.
Esan beharra dago ere ikerketa multizentrikoa izan dela eta 4 zentroetako onkologiako eguneko ospitaleetan aurrera eraman dela: Gurutzetako Ospitale Unibertsitarioan, Galdakao-Usansoloko Ospitalean, Arabako Ospitale Unibertsitarioan-Txagorritxu egoitzan eta Donostiako Institutu Onkologikoan. Eskerrak eman nahiko nizkieke lau zentro horiei eta bertako gaixo eta profesional guztiei.
Garrantzitsua da aipatzea ere ikerketa burutzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun-Sailaren diru-laguntza izan dugula.
Hautatu duzun esparrua bereziki gogorra da, zergatik hautatu duzu hori eta ez beste bat?
Une honetan unibertsitatean irakaskuntzan nagoen arren, ni onkologiako erizaina kontsideratzen naiz eta Txagorritxuko onkologiako ospitalean lan egiten nuenetik beti arreta deitu didate prozesu onkologikoaren fase ezberdinen artean, kimioterapia sistemikoa era anbulatorioan jasotzen duten pertsonak eta nola hauek egoera gogor hori ia bakarrik edo euren familiaren laguntzarekin bakarrik gainditu behar zuten.
Oso egoera gogorra da eta gaixoek horrela adierazten dute eta literaturak ere horrela jasotzen du.
Kimioterapia tratamendua minbizia pairatzen duen pertsona batek bizitzen duen faserik gogorrena da, diagnostiko unearekin batera. Horregatik eta egoera horretan zeuden gaixoekin eta senitartekoekin mantendutako elkarrizketa anitzen bitartez, kontziente egin nintzen gaur egun oraindik muga asko daudela gaixoen arlo psikosozialekiko, artatzea gehienbat alderdi fisikora bideratuz.
Hori ikusteak estimulatu ninduen egoera horretan dauden pertsonen bizipenean ikertzeko, tratamenduan faltan botatzen dutena identifikatzeko eta artatzea hobetzeko, gaixoek artatze integrala izan dezaten.
Erizaintzak eta zaintzak, berez, badirudi emakumezkoen lanak direla, horrela da zuk aztertu duzun kasuetan?
Oraindik ere Erizaintza lanbidea portzentaje altu batean emakumez osatuta badago ere, erizaintza ez da bakarrik emakumeen lana. Ezinbestekoa da Erizaintza profesionalizatzea eta hemen lekua dago zainketa profesionalak eman nahi dituzten edozein pertsonentzat, emakumezkoa zein gizonezkoa.
"Zainketak sendaketak baino ikusgarritasun sozial gutxiago dauka, baina behar izan duten pertsona orok dakite erizainek gizarteari eskaintzen dioten laguntza"
Oraindik batzuetan historiak eta zainketaren bilakaeran gertatutakoak pisu handia dauka eta gaur egun oraindik zainketak sendaketak baino garrantzi eta ikusgarritasun sozial gutxiago dauka, baina zainketak behar izan dituen pertsona orok ezagutzen du erizainek gizarteari eskaintzen dioten laguntza eta horren garrantzia.
Horregatik, nire kasuan bezala, erizain batek bideratutako ikerketa eta honengatik jasotako sari guztiak lagungarri izan dira erizainen garrantzia eta ikusgarritasun soziala azaleratzeko. Alde horretatik ere, oso pozik sentitzen naiz.
Zeintzuk dira zure helburuak etorkizunerako?
Helburu asko ditut. Une honetan ikerketaren emaitzak zabaltzen nabil parte hartu duten zentro guztietan. Komunikabideen bitartez ere zabaltzen ari naiz gizartean eta egoera hori pasatu duten edo egoera horretan dauden gaixo eta pertsonei. Horrez gain, emaitzak publikatu behar ditugu aldizkari zientifikoetan komunitate zientifikoak ikerketaren ekarpena ezagutu dezan.
Beranduago gustatuko litzaidake ikerketa horri jarraipena ematea, batetik kimioterapia ondorengo fasean gaixo horien bizipena nolakoa den eta dituzten zainketa behar berriak zeintzuk diren jakiteko. Horrekin batera, gustatuko litzaidake bizipen horiek guztiak ikuspegi kualitatiboagotik ezagutzea. Horretarako pertsona horien testimonioak entzun eta elkarrizketa sakonak egin nahi ditut.
"Gustatuko litzaidake ezagutza guzti horiek praktikan aplikatzea"
Horrekin guztiarekin batera, gustatuko litzaidake ezagutza guzti horiek praktikara eramatea, pixkanaka interbentzio zehatzak proiektatuz eta praktikara eramanez osasun-taldeko profesional guztien artean.
Hemendik denbora batera gustatuko litzaidake ikustea ikerketa horren emaitzek balio izan dutela pertsona horien artatzea gizartiartzeko bieta pertsona horiek dituzten zainketa-beharrei era integralago batean erantzuteko, lagundu diezaiegun ahalik eta hoberen bizitzen eta aurre egiten egoera gogor horri.