Arenaldeko Parkea berritu dute Okondoko Eskolako guraso elkarteko kideek, auzolanean. Iaz hasi ziren lanak, urrian. “Parkea oso zaharkitua zegoen, eta harri batzuk zituen haurrentzako arriskutsuak zirenak”, azaldu du elkarteko kidea den Susana Urkijok. Hesiak berritu, harriak kendu eta haurrentzako jokoak aldatu dituzte. Astero bildu dira gurasoak auzolanean, “bakoitzak ahal zuen neurrian”.
Azken ukituen faltan
Abenduan amaitu zituzten aurreikusitako berrikuntzak, baina detaile batzuk amaitzea falta zaie oraindik: hesia margotzea eta azken jolasgune bat jartzea. “Azken aste hauetan eguraldi nahiko txarra egin du”, adierazi du Urkijok, “ea asteburu hauetakoren batean eguraldi ona egiten duen eta talde bat biltzen garen”. Azken ukitu horiek 15-20 egunen bueltan egitea aurreikusi dute elkartetik. Gauzak hala, martxoak irekiko lukete parkea.
Arabako Foru Aldundiaren 24.900 euroko diru-laguntza bat baliatu dute gurasoek beharrezko material eta tresnak erosteko.
