Baserri azoka izango da igandean

Postu ugari egongo dira aurten ere Baserri azokan. Argazkia: aiaraldea.eus

XX. Baserri azoka egingo dute igandean Okondon. Bertako produktuez gain, umeentzako ekintzak egongo dira.

Baserri azoka izango da nagusi asteburuan Okondon. Baserritarren produktuak ikusi eta erosteko paradaz gain, bestelako hainbat ekintza ere egongo dira. 9:00etan hasiko da festa Enkarterriko villano txakur-arrazaren IV. monografikoarekin. Ordu bat beranduago, 10:00etan, ekingo diete baserritar zein artisauek euren lanak erakusteari, orduan jarriko baita martxan feria gunea.

Umeen eskaintza
Helduentzat ez ezik, haurrentzako erakargarri izatea da festa egunaren asmoa. Hori dela eta, 12:00etan txokolatezko taloak prestatzeko tailerra egingo dute, eta goiz osoan puzgarriak egongo dira. Halaber, bide-segurtasunaren arloko prebentzio kanpainaren baitan zenbait dinamika proposatuko dituzte.

Jaki zaleak direnentzat, Eusko Label saiheskia edota Gernikako piperren dastaketa eskainiko dute. Azoka eguna izaki, trikitilariek girotuko dute ingurunea. Ametsuts, IGE eta A.D.A.V.E elkarteekin batera antolatu du Okondoko Udalak Baserri azoka, hogeigarrenez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide