Goizeko 10:00etan hasi da Okondoko Baserri Azoka. Aurtengoa, hogeigarren edizioa izan da, eta bisitari ugari batu ditu feriak. Postuen artean eskualdeko ekoizleak izan dira nagusi: Orozkoko txorizoak, Agiñagako gazta, Ostenko baserriko taloak, ogiak zein euskal pastelak, besteak beste.
Ohi bezala, herri erdigunea bilakatu dute feria eremu. Trikitilarien animazioa dela medio, eguraldi eta giro onik ez da falta izan.Villano txakur arrazaren txapelketak jende asko erakarri du. Umeek, gainera, eskaintza bikoitza izan dute: batetik, txokolatezko taloak egiteko txokoa; eta, bestetik, gaztelu puzgarriak.
Herriko eragileak, presente
Horrez gain, Okondoko eragileek ere atondu dute haien gunea. Horren adibide dira Ametsuts elkartearen txosna, edo Okondoko Eskolarena. Ikastetxeko gurasoen eskutik, pintxo mordoa dastatzeko aukera egon da, baita kultura ezberdinetako jakiak ere. Gutizia zaleak direnek, aldiz, olagarroa, saiheskia, taloa edo piper berdeak jateko aukera izan dute.