Apirilaren 1etik 13ra bitartean egon da Jon Zubeldia Astobiza Upategiko arduraduna Aingeru Etxebarria sukaldariarekin Japonian.
Tokion, Osakan eta Hokkaidon egon dira uztartzen txakolina eta euskal zein japoniar gastronomia, tokiko ardoa aurkezteko.
Horretarako bazkariak eta afariak prestatu dituzte hainbat jatetxetan (12 baino gehiagotan, zehazki), enologo eta sumelier elkarteekin batu dira eta azokak bisitatu dituzte bertako ekoizleekin harremanetan jartzeko.
Aurkezpenak merkataritza-guneetan ere antolatu dituzte eta harrera oso beroa izan dute.
"Besarkadak jaso ditugu agur esaterakoan, eta horrek harritu gaitu, japoniarrek oso hotzak izateko ospea baitute" azaldu du Jon Zubeldiak.
Biran oso gutxi lo egin dute txakolin ekoizleak eta sukaldariak, baina oso pozik agertu dira.
Aiaraldea Japonian
Astobiza upategiko ordezkariak adierazi du aukera izan dutela Tokioko Bimendi edo Etxola jatetxeetan egoteko -Donostia oso gogoko duen japoniar baten establezimenduetan-, besteak beste, konbinazio gastronomiko oso bitxiak dastatzeko.
Zentzu horretan, Zubeldiak aipatu du Aiaraldea eraman duela Asiara. Bere aburuz, hemengo gainerako upategiek ere jauzia egin beharko lukete: "txakolin oso ona dugu eta Astobizak lortu badu, besteek ere egin dezakete".