Aho batez onartu zuen Okondoko udal osoko bilkurak Taldesport enpresari ematea igerilekuen kudeaketa. 33.500 euro ordainduko dizkio horretarako.
Ekainaren 17an irekiko dituzte azpiegiturak eta irailaren 10ean itxi. Ekainean eta irailean 12:00etatik 20:00ak arte egongo dira erabilgarri eta uztailean eta abuztuan, ordea, 11:30etatik 20:30ak arte.
San Bartolomen ur jaia antolatuko dute eta zenbait ikastaro ere emango dute.
Aurrekontuak ekainerako
2017ko aurrekontuari dagokionez, atzo adostu zuen oposizioak mahai gainean uztea eta ekainean eztabaidatzea.
EAJk proposatu eta EH Bilduk onartu zuen hori, denbora gehiago izateko zuzenketak eta proposamenak txertatzeko. Koalizioak argudiatu zuen udal gobernu taldeak ez duela ahaleginik egin akordioa lortzeko.
Okondo Aurreraren asmoa zen aurrekontuak bozkatzea eta leporatu zion EH Bilduri udalaren kudeaketa atzeratzea proiektuak egikaritu ez daitezen.