Alkatearen kalitatezko botoa baliatuta onartu dituzte aurrekontuak

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko eka. 19a, 09:42
Iragan ostegunean egin zuten udalbatzan onartu ziren aurrekontuak. / Aiaraldea.eus

EAJ abstenitu egin zen eta EH Bilduk eta Amaia Sadabak -Okondo Aurreratik alde egin zuen zinegotziak- kontra bozkatu zuten.

1.812.429 euroko udal aurrekontua izango du Okondoko Udalak 2017rako. 300.000 eurokoa da, gutxi gorabehera tokiko erakundearen erremanentea. Osoko bilkurara eraman zuten aurrekontu proposamena Okondo Bai plataformako ordezkariek, eta alkatearen “kalitatezko botoarekin” onartu ziren. Izan ere, EAJ abstenitu egin zen eta EH Bilduk eta Amaia Sadabak -Okondo Aurreratik alde egin zuen zinegotziak- kontra bozkatu zuten. Hortaz, bigarren aldiz bozkatu behar izan zuten, eta alkatearen kalitatezko bozarekin onartu dira.

Inbertsio ugari
Sergio Tatok argitu zuenez, frontoiko obrekin jarraituko dute aurten: teilatua, sarbidea... dena berrituko dute. 350.000 euro bideratuko dira horretara, udaleko idazkariak erantsi duenez.

Jubilatuen etxean, berriz, irisgarritasuna hobetzeko obrak egingo dituzte. Arrapala jarriko dute. 109.000 euro balioko du egitasmoak, baina diru-laguntza jasoko du udalak lanak egikaritzeko. Halaber, aparkalekuak egokituko dituzte, Sergio Tato alkatearen hitzetan.

Era berean, kale nagusiko pasabideak moldatuko dituzte. 45.000 euro erabiliko dira lan horietarako.

Eskolako obrak
Okondoko Eskolako jolastokia hobetzeko proiektua ere bildu dute aurrekontuan. 27.000 euroko partida gorde dute lurra aldatzeko. Diru-laguntzei esker ordainduko dute gainontzekoa.

Haurreskolako eraikinaren bigarren solairuan, berriz, ludotekaren antzeko zerbitzua nahi dute ipini; 15.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute horretarako. Orain arte bezala, mendien zainketari ere helduko dio udalak: landaketak, bide garbiketak... Herriguneari dagokionez, Carlos Garaikoetxea etorbidea botikarekin lotzeko pasabidea eraikiko dute; 10.000 euro izango dituzte obra gauzatzeko.

Ekainaren 29an egingo dute hurrengo udalbatza, eta bertan eztabaidatuko da saneamenduaren afera. Hori izango da 2017ko inbertsiorik handiena, ia bi milioi euro beharko baititu instituzioak gastuei aurre egiteko. Alabaina, foru planaren babes ekonomikoa jasoko dute.

Bestalde, udal aldizkaria argitaratzeko prozesu parte hartzailea abiatu du udalak. Herriko hainbat gunetan jarri dituzte argitalpenaren izena bozkatzeko baliabideak. Herritarrei udalaren eta elkarteen informazioa ematea izango da helburua, Itziar Kaxtresana zinegotziaren arabera.

Oposizioko talde guztiak kexatu ziren, ordea, gobernu taldearen kudeaketa moduez. “Tabernetako bozka-lekuetatik jakin dugu aldizkariaren berri” adierazi zuten. Hala, batzorde informatiboetan landu ez izana egotzi zioten alkateari. Proiektuaren inguruko xehetasunak argitzeko bilera deituko zuela esanez erantzun zien Sergio Tatok.

Bestalde, Aiarako Kuadrillako proposamenari jarraiki, zaborrak biltzeko zerbitzua onartu zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide