Urriaren 7an egitarau oparoa jasoko du Okondok. Izan ere, batetik, ohiko azoka egongo da. Aurten, ordea, eskualdeko trikitilarien topaketari Arabako txapelketa gehituko diote. Horrez gain, untxiak eta oiloak ikusteko aukera egongo da. Itziar Kastresana zinegotziak azaldu duenez, egitarau berezia prestatzen ari dira. Xehetasunak aurrerago emango dituzte.
Arabako trikitilari txapelketa
Lehenbizikoz egingo da Arabako trikitilari txapelketa Okondon. Gazteei bideratutako ekimena izango da, 22 urtetik beherakoek soilik hartu ahalko dute parte eta. Lehiaketan hiru onenak sarituko dira: lehendabiziko bikoteak oroigarria eta 400 euro jasoko ditu, bigarrenak 300€ eta hirugarrenak 200€. Gauzak horrela, hiruna pieza jo beharko ditu bikote bakoitzak: fandangoa, arin-arina eta "popurria".
Eskualdeko topaketari dagokionez, hirugarren edizioa izango da. Antolatzaileen esanetan, ekitaldiak trikitixa sustatzea eta hedatzea du xede, baita tradizio hori maite dutenen topagunea sortzea ere.
Hortaz, ez da trikiti doinuak entzuteko aukerarik faltako. 11:00etan egingo diete ongietorria musikariei San Bartolome plazan, eta jarraian abiatuko dute kalejira herriko kaleetan barrena. 12:00etan elkartuko dira guztiak azoka eremuan, eta hamaiketakoaren ondoren hasiko dute txapelketa. 13:30ean aurreikusi dute sari banaketa, eta bazkaria eta gero trikiti-jaia egongo da.