Mendi eta naturari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Ganekogorta mendi taldeak

Izar Mendiguren Cosgaya 2017ko abe. 9a, 12:00

Ganekogortan egingo dute urte amaierako brindisa. / Aiaraldea.eus

Abenduaren 15ean eta 31n izango dira ekitaldiak.

Mendia eta natura ardatz, seigarrenez antolatu ditu jardunaldiak Okondoko Ganekogorta Mendi taldeak. Abenduaren 15ean hasiko dira, eta urte amaierako txangoarekin emango diote bukaera egitasmoari. 

Hilaren 15ean, lehendabiziko egunean, bi hitzaldi eskainiko dituzte. Batetik, Maroño inguruak aztertuko ditu Enrique Arberas Mendibil biologo eta natur ikerlariak. Hain zuzen, berriki kaleratu du Maroño, un pueblo y un embalse liburua. Mendizalea izaki, liburua eta hainbat bideo izango ditu solasaldiaren helduleku. 18:30ean izango da aurreneko zita. 20:00etan, aldiz, Iñaki Garcia Uribe Euskal Herriko mendizaletasun ikerlaria arituko da solasean, Los buzones y los centenarios en el montañismo vasco konferentzian. Ostean egingo dute luntxa eta Okondoko mendi martxako argazki lehiaketako sari banaketa.

Antolatzaileen esanetan, horrez gain, 2 sari zozketatuko dituzte bertaratzen diren gazteenen artean. 

Abenduaren 31n , Ganekogortara
Ohiturari jarraituz, Ganekogortan elkartuko dira Okondoko mendizaleak Gabonzahar egunez. 9:30ean jarri dute hitzordua Landetan. Hala, 11:30ean heltzea espero dute gailurrera. Bertan egingo dituzte hamaiketakoa, talde argazkia eta brindisa. Behin indarberrituta, herrira abiatuko dira, 14:00etan iristeko asmorekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide