Hastear daude Okondoko San Sebastian jaiak. Bihar -urtarrilak 13- bola jaurtiketa herrikoia egingo da Izalde bola-tokian, goizez (12:00-13:00) zein arratsaldez (18:00-20:00). Egun handia, baina, hurrengo larunbata izango da, urtarrilaren 20a. Goizeko lehen orduetatik festa-giroa sumatu ahalko da Otaola auzoan.
Arloteak eta trikitilariak arduratuko dira jaiari soinu banda jartzeaz. Baina eskaintza zabalena gastronomikoa izango da. “Salda, odolostea eta hirugiharra egongo dira”, azaldu du Kepa Otaolak, “aurten, gainera, asto-haragia prestatuko dugu gisatuta, ea zer moduz ateratzen den”.
“Urteren batean 1.000 pertsona batzera iritsi gara”
Los Mortis klubeko kidea da Otaola. Tiro-talde hori arduratzen da festa antolatzeaz. “Betidanik ospatzen den ospakizuna da, baina lehen auozkide bakoitza bere kasa bertaratzen zen Otaolara. Los Mortis klubeko kideak duela 15 urte inguru sartu ginen antolakuntzan”.
Harrera ona du ospakizunak, Otaolaren esanetan: “Normalean 150 pertsona inguru bertaratzen dira, baina urte batzuetan 1.000 pertsona batzera iritsi gara”. Badago jaia arrakastatsua izateko ezinbesteko faktore bat: eguraldi ona egotea. “Eguzkia badago familiak bertaratzen dira umeekin. Euria eginez gero, baina, jende asko etxean geratzen da, zaila delako iristea, tokia hurbil egon arren”.
Antolatzaile talde bat egonda ere, herritar bakoitzak bere alea jartzen du festaren girotzean. “Bakoitzak gauza bat eramaten du. Janaria eta edatekoa ez dira inoiz falta”.