Larunbatean inauguratuko dute Okondoko frontoia, pilota eta frontenis partidak jokatuz. 523.000 euro baliatu dituzte pilotalekua osorik berritzeko. Hala ere, udalak 46.187 euro baino ez ditu jarri behar izan, gainontzeko guztia Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen bidez finantzatu delako.
Hobekuntza ugari
Hainbat hobekuntza du kirol-azpiegitura berriak, udalak nabarmendu duenez: “sabai bikoitza, kirol federaturako baldintzak betetzen dituzten hiru horma, harmaila zabal eta guztiz irisgarriak eta jolas-eremutik kanpo dauden egurrezko zutabe berrien sarea, besteak beste”.
Tokiko erakundeak gaineratu du jarri diren beirak “argitasun asko” ematen dutela eta argiteria berria “eraginkorragoa eta jasangarriagoa” dela.
Inaugurazioa “ilusioz beteriko unea” izan da udalarentzat: “udal-zerbitzuak modernizatzeko etapa berri bati ekin dio, kirola eta kultura ekitaldien antolakuntza sustatzeko”.
1959. urtean eraiki zen frontoia eta Untzako Andre Mari elizaren ondoan dago. “Eliza hori EAEko monumentutzat aitortzeko proposatutako ondasun higiezina da”, azaldu dute udaleko arduradunek; “horregatik, gauzatutako jarduera guztiak Arabako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoko Zerbitzuarekin adostu egin dira”.