"Okondo euskaraz" asteburuarekin bukatuko dute ekaina

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko eka. 19a, 07:07

Urtero antolatzen dute "Okondo euskaraz" programa. Argazkian, 2014ko ekitaldietako bat. / Aiaraldea.eus

Ekainaren 29tik uztailaren 1era ekintza ugari egongo dira Okondon, euskara sustatze aldera. 

"Okondo euskaraz" egitasmoa aurkeztu berri du udalak. Helburua euskarari bultzada ematea da, eta horretarako ekintza sorta proposatu dute. Ekainaren 29tik uztailaren 1era izango dira jarduerak, asteburu bakarrean. 

Dantza nagusi
Dantza izango da ostiralean nagusi. Izan ere, "Dantza kasting" saioa prestatu dute, familiei zuzendutako erromeria. 17:30ean hasiko da ikuskizuna, eta 20:00ak arte luzatuko da. Afari-dastaketa arinak hartuko dio lekukoa. 4 euroren truke erosi ahalko dira txartelak. Antolatzaileen arabera, "menu arina" aurreikusi dute.

Indarrak berreskuratzean dantza-plazari ekingo diote, 21:00etan, hain zuzen. "Aktibitatea guztiak Herriko plazan egingo dira. Eguraldi txarra balego, frontoian", erantsi dute.

Larunbatean, ekainaren 30ean, pilatu dituzte ekintza gehienak. 11:30ean "Bertatik bertara" ibilbide gidatua egongo da familientzat. Kultura Etxetik abiatuko dira, eta hamaiketako osasungarria eskainiko dute. "Eguraldi txarra balego naturari buruzko joko didaktikoak egingo ditugu".

Arratsaldean, aldiz, umeentzat tailerrak eta askaria eskainiko dituzte Okondogoiena Kultura Etxean. 20:30ean, aldiz, Itzalde abesbatzaren kontzertua egongo da San Bartolome elizan.

Igandean, Laidara txangoa
Ibilaldiak izango dira aurtengo protagonistak. Ez dira, gainera, edonolakoak izango. Larunbatean herri inguruan ibiliko dira, eta igandean kostaldean. Izan ere, Laida hondartzara txangoa antolatu du Udalak.

Batzoki eta Txaparrotik aterako da autobusa. Goizean Laidan geratuko dira, eta arratsaldean orientazio jolasak egingo dituzte hondartzan. 10:00etan aterako da autobusa, eta 19:00etan itzuliko da Urdaibaitik. Umeek -12 urte arte- 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek 5€. Irteeran izena emateko azken eguna ekainaren 27a izango da. Aurreratu dutenez, gutxienez 20 pertsonak eman beharko dute izena: "Lehentasuna erroldatuek izango dute. Eguraldi txarra aurreikusiz gero, irteera bertan behera gera liteke".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide