Dimisio eskaera eta kritika gogorrak EH Bilduren eta udalaren arteko tira-biran, kontsumorako uraren egoera dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2018ko uzt. 10a, 11:28

Publikora irekitako establezimendu pribatu bateko iturritik atera zuten lagina. / Sergey Odintsov

Sergio Tato alkateak Itziar Camino zinegotziaren dimisioa eskatu du, “whatsapp bidez gezurrak zabaltzeagatik”. Caminok, bere aldetik, EH Bilduk zabaldutako informazioa egiazkoa dela nabarmendu eta udalaren gardentasun-eza salatu du.

Giroa tenkatua dago Okondoko udal-gobernu taldearen eta EH Bilduren artean. Koalizio abertzaleak oharra plazaratu zuen atzo, Mesoi inguruan iragan uztailaren 4an eginiko azterketaren ondorioen berri emateko. Lagin horien arabera, herriko zonalde horretako iturri batean 2UF/100 ml deritzon kutsadura mikrobiologikoa dago, bertatik ateratzen den ura “kontsumorako egokia izango ez litzatekeenaren seinale”.

Hori dela medio, udalak informatu ez izana kritikatu du EH Bilduk. “Gauzak hala, herritarrei informazio hau helaraztea erabaki dugu, bakoitzak egokien ikusten dituen neurriak hartu ditzan”.

Dimisio eskaera
Sergio Tato alkateak gogor kritikatu du EH Bilduk oharra plazaratu izana, “oso ekintza larria” dela iritzita. Itziar Camino zinegotziari egotzi dio ardura guztia, eta bere dimisioa eskatu du, “whatsapp bidez gezurrak zabaltzeagatik”.

Alkateak azaldu du ostiralean jaso zutela laginketaren emaitzen berri, “15:15ak aldera, udal-langile gehienak jada kanpoan zeudenean”. Tatok azaldu duenez, ez da egia ura ez dela edangarria. “Publikora irekitako establezimendu pribatu zehatz bateko iturrian topatu zen mikroorganismo hori. Azterketa egin zuen enpresarekin jarri ginen harremanetan jarraian, eta iturri horretako kloro maila egokia zela ziurtatu ziguten. Mikroorganismo hori ezin da kloroa dagoen toki batean bizi”.

Gauzak hala, akats bat izan zitekeela iradoki du Tatok, “baliteke laginketa egin zen tokian koipea egotea eta horregatik agertzea mikroorganismo hori”. Datozen egunetan azterketa zehatzagoak egingo dituztela adierazi du alkateak.

“Guztiz lotsagarria iruditzen zaigu Itziar Caminok izan duen jarrera”, adierazi du Tatok. Herrian “alarmismoa” sortuaz “politika merkea” egitea leporatu dio alkateak EH Bilduren zinegotziari, eta nabarmendu du Camino ez zela eurekin harremanetan jarri gaiaren inguruan galdetzeko. “Gaiari dagokionez interesa bazuen eta afera horren larria iruditzen bazitzaion, gurekin kontaktuan jarri zitekeen behintzat”.

Caminok, bere aldetik, adierazi du oharra EH Bilduk plazaratu duela, ez berak norbanako gisa. Udalean zegoen benetako informazioa herritarrei zabaltzera mugatu direla nabarmendu du zinegotziak, “udalak ezer ez esaten ez zuela ikusita”.

Era berean, gaia berria ez dela adierazi du zinegotziak. “Urteak daramate zonalde horretako bizilagunek iturrietako ura ilun ateratzen dela esaten”. Kontsumorako uraren egoera hobetzera bideratutako diru-partida bat proposatu zutela gaineratu du EH Bilduko kideak, “baina udal-gobernuak eta EAJk ez zuten aurrekontuan eranstea beharrezkotzat ikusi”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide