Ganekogorta mendi taldeak larunbatean egingo du ibilaldi neurtua. Seigarren edizioa izango da aurtengoa. 8:30ean jarri dute lehenbiziko hitzordua, izena emateko. Dena den, 9:00ak arte egongo da proban hasteko aukera. Izena emateko interneten ere dago beta: gankogortamk.blogspot.com webgunean. Okondoko igerilekuetan kokatuko dituzte azpiegitura gehienak: aparkalekuak eta dutxak, besteak beste.
Ibilbideari dagokionez, frontoitik hasita Otaola, Idubaltza (691m), Bikirrio (671m) eta Jandiola gailurrak zeharkatuko dituzte partaideek. Bidean barrena horniketa puntua egongo da. Guztira, ia 14 kilometro osatu beharko dituzte bertaratzen direnek. Prezioa 4 eurokoa izango da federatuentzako, gainontzekoentzako 6€ ordaindu beharko dituzte. "Ibilaldia amaitzean parrillada egongo da, eta zenbait sariren zozketa", erantsi dute.