80 trikitilari eta 200 animali igandean Okondo girotzeko prest

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 19a, 07:00
Iaz ere Okondon egin zuten Arabako Trikiti Txapelketa. / Aiaraldea.eus

Udalak jakinarazi du aurreikuspen guztiak gainditu direla eta karpa erraldoia jarriko duela. 200 lagunentzako bazkaria egongo da egunari amaiera emateko.

Datorren igande goizean -urriak 21- Okondon giro ederra egongo dela aurreikusi daiteke. Bi ekintza egongo dira herrian egun horretan: Udazkeneko Azoka eta Arabako Trikiti Txapelketa.

Euskal oilo eta untxien lehiaketa egongo da azokan, eta 200 animalik hartuko dute parte norgehiagoka horretan.

Frontoian egongo dira abereak, eta hainbat epaimahai egongo dira puntuatzen. “Euskal antzarak ikusteko aukera ere egongo da”, jakinarazi du udalak, “dastatzeak ere egongo dira: gaztaina erreak, txitxikia eta oilasko hanburgesa txikiak”.

Arabako Trikiti Txapelketan, aldiz, zazpi bikotek eman dute izena, sei gipuzkoarrek eta bizkaitar batek. Hiru pieza jo beharko dituzte epaimahaiaren aurrean: fandangoa, arin-arina eta popurria.

Aurreikuspenak gaindituta
Trikiti topaketan, aldiz, handiagoa izango da parte hartzea, 80 trikitilarik eman baitute izena. “Antolatzaileen kalkulu guztiak gainditu dira eta udalak karpa erraldoia jarri beharko du”, azaldu du tokiko erakundeak, “parte-hartzaileek kalejira erraldoia egingo dute herrian eta azokaren esparruan”.

Hainbat tokiko musikariak egongo dira topaketan: Amurriokoak, Arespalditzakoak, Laudiokoak, Aretakoak, Urduñakoak, Sopelakoak, Mungiakoak, Bilbokoak, Gernikakoak, Eibarrekoak, Debakoak, Altzokoak, Orendainekoak, Arrasatekoak, Legazkikoak, Lizarrakoak...

Nabarmendu dutenez, txapelketa euskaraz izango da eta eskura jarriko dute Euskaraldiaren gaineko informazioa eta materiala.  

Azokaren eta txapelketen ostean herri bazkaria eta trikiti jaia egongo dira. 200 pertsonentzako otordua prestatuko du Laudioko Rakatapla elkarteak.

Iaz ere Okondon egin zuten Arabako Trikiti Txapelketa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide