Talka LABen eta Okondoko Udalaren artean, udal-langileen biltegiaren egoera dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urt. 14a, 07:00

Okondoko Udalak gogor erantzun dio LABek jarritako salaketari. / Aiaraldea.eus

Sindikatuak salaketa jarri zuen lan ikuskaritzan udal langileen biltegiaren egoera dela eta. Udalak gogor erantzun dio sindikatuak eginiko jardunari.

Talka egon da Okondoko Udalaren eta Aiaraldeko LABen artean. Sindikatu horrek salaketa jarri zuen lan ikuskaritzan, udal-langileen biltegiaren egoera zela eta. “Udal langileek jo zuten gugana, komunik eta aldagelarik ez zutelako”, azaldu du sindikatuko kidea Jose Prietok.

Lan ikuskaritzako kideak tokira bertaratu ziren eta azpiegiturek ordena gehiago izan behar zutela ondorioztatu zuten. LABek Aiaraldea hedabideari adierazi dio ikuskaritzak hiru hilabeteko epea eman ziola tokiko erakundeari egoera bideratzeko.

Udalaren adierazpenak
Okondoko Udalak gogor erantzun dio LABi. Udal gobernuko kideek adierazi dute langileek ez dietela inoiz aldagelen beharra plazaratu. Era berean, tokiko erakundearekin bildu ez izana leporatu diote sindikatuari, eta nabarmendu dute lan ikuskaritzak ez zuela mota horretako azpiegituren beharra ikusi biltegia bisitatu zuenean.

Gauzak hala, udal gobernuko kideek uste dute gertatutakoa “Okondo Aurreraren aurkako eraso partidista eta interesatua” dela eta “EH Bilduren aginduak jarraituta” egin dela, “udal gobernu taldea eta herriko bizilagunak kaltetzeko helburu bakarrarekin, langileei onurei begiratu gabe”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide