"Asteklima" ospatu dute egunotan Okondon. Ekitaldien artean, zuhaitz landaketa egin zuten atzo goizean. Arratsaldean, berriz, 2012-2013tik gaur arte egindako lanaren aurkezpena izan zuten Kultura Etxean. "Bertoko frutarbola eta barazkien hazien ikerketa eta kontserbazioaren emaitza" azaldu zuten, Itziar Kastresana zinegotziaren esanetan. Bertan egon ziren egitasmoan parte hartu duten baserritarrak, eta Okondoko Udalak omenaldia egin zien, "Okondoko ondare naturalaren alde egindako lanagatik". Bittor eta Mari Otaola, Carlos Domingez, Tere Sagardui, Tere Urkijo, Asun Urkijo eta Bego Urkijo goraipatu zituen erakundeak, besteak beste. Ohiturari eusteko, trebakuntza eskainiko du Udalak datorren hilabetean, haziak nola kontserba litezkeen erakusteko.
Aurkezpenaren ondoren zuku ekologikoaren dastaketa egon zen, baita Aiaraldeko Idiazabal gazta probatzeko aukera ere. Ildo beretik, Okondoko Roberto Fernandezen legami naturaldun ogi ezberdinak ere ezagutu zituzten herriarrek. Bestalde, Okondoko lorategian errekuperatutako sagarrondoen erakusketa egon zen. "Bitartean, asteklimaren barruan umeentzako tailerrak egon ziren".
Argazkiak: OKONDO
Testua: Izar Mendiguren Cosgaya