Prentsa-oharra plazaratu du Okondoko EH Bilduk udalak Itzalde abesbatzari 2017. urteari dagokion diru-laguntza eman ez diola salatzeko. Azaldu dutenez, egin beharreko tramiteak epez kanpo aurkezteagatik ukatu dio tokiko erakundeak laguntza elkarteari. Gauzak hala, Itzalderi dirua ahal bezain laster ematea eskatu du koalizioak, abesbatzak egiten duen lana goraipatuta. “Elkarte hori izango da, seguru asko, herriko beteranoena eta, dudarik gabe, ekintza gehien antolatzen dituena Okondon zein herritik kanpo”, nabarmendu dute.
Oposizioko taldearen aburuz, talde guztiek ez lukete diru bera jaso beharko, oso lan ezberdinak egiten dituztelako. Azpimarratu dutenez, oraindik badago Itzalderi dirua emateko aukera. “Aurretik hainbat abeltzaini aukera eman zaie diru-laguntzan izena epez kanpo emateko”.
Era berean, udalak ematen dituen zenbait laguntza kritikatu ditu EH Bilduk. San Roman parrokiari dirua ematearen aurka azaldu da koalizioa, parrokiak egiten duen lana soziala ez dela argudiatuta. “Bestalde, uste dugu Unzako Santa Maria parrokiak lan sozial garrantzitsua garatzen duela (elikagai bankuaren aferarekin, adibidez) eta, bitxia dirudien arren, ez du inolako subentziorik jasotzen".
Horrez gain, elkarte bati Olentzeroren kalejira egiteko 400 euro eman izana salatu du talde politikoak, “ez baitu gastuen balantzea aurkeztu”. Hori “lotsagarria” dela uste dut EH Bilduk, “beste talde batzuek badituztelako euren gain hartzen dituzten gastuak”.
Udalaren erantzuna
Udal-gobernuak, aldiz, “hauteskunde kanpainaren logikan” kokatu du EH Bilduren oharra. “Aurreko urteetan beste elkarte batzuei laguntza ukatu zaie arrazoi beragatik, eta EH Bilduk ez du ezer esan”, azaldu du Itziar Kastresanak. Zinegotziaren ustez, Itzalde abesbatzarekin salbuespena egitea ez litzateke bidezkoa izango beste elkarteentzat. “Horrek ez du esan nahi aurrerago abesbatzak ez duela udalaren partetik dirurik jasoko. Baina deialdi honetan ezingo du parte hartu”. Kastresanak abesbatzak egiten duen lana goraipatu du: “herriaren enbaxadoreak dira kontzertuak eskaintzen dituzten tokietan”.