“Kilker irinarekin snack eta gaileta gazi zein gozoak egingo ditugu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko mai. 10a, 07:00

Kilker irinaz eginiko produktuak ekoizten ditu Iskander Alkate Ibarrola okondoarrak. / Aiaraldea.eus

ISKANDER ALKATE IBARROIAk (Okondo, 1987) kilker irina ekoizteari ekin dio. Egitasmoaren nondik norakoak azaldu ditu.

Kilkerrekin elikagaiak sortzen hasi zarete. Nolatan?

Berrikuntza ardatz duen kooperatiba sortu dugu. 2050. urtean gizarte bezala zein erronka izango ditugu? Galdera horri erantzunez murgildu ginen elikaduran, proteinak eskuratzeko bide alternatiboak bilatzeko.

Kilkerrek elementu nutrizional positiboak eta proteinak ematen dituzte, horregatik hasi ginen eremu hori ikertzen. Hala, Mundo Gusano enpresarekin egin genuen topo, kilker kumeena. Bi enpresak batuta sortu dugu InsectLabel.

Kilker kumeak heztea da lehen pausoa, ez?

Bai. Kilkerren kumeekin egiten dugu lan. Kilkerretatik irina ateratzen dugu, eta hori elikaduran oinarritutako produktuetara garatzea da gure helburua. Momentuz, legeagatik ezin ditugu saldu, baina espero dugu urte amaierarako merkatuan sartzea.

Nola atera liteke kilkerretatik irina?

Animaliak hil, findu eta irina ateratzen da hortik. Snack antzerako gailetak egin nahi ditugu guk horrekin, bai gaziak eta baita gozoak ere. %5-10 kilker irina nahi dugu sartu produktu horietan.

Osasun aldetik zein ekarpen egiten dio gorputzari kilker irinak?

Batez ere proteinak. Omega 3, Bitamina B12, kaltzioa... Gainera, koipe ona du, saturatu gabea. Zaporean ez da nabaritzen, irina bere horretan probatu ezik. Kasu horietan marisko kutsu bat du. Krustazeoei intolerantzia dietenek, adibidez, ezingo dute jan; beste denek bai.

Nolakoa da ekoizpen prozesua?

Urbinan dugu momentuz haztegia, baina eskualdeko bi lagun gaude proiektuan parte hartzen: Esti  urduñarra eta ni. Kilkerrak gela epel batzuetan ditugu, tenperatura eta hezetasuna ondo neurtuta momentu oro. Horrez gain, gizakientzat izatea nahi dugunez, ekologikoki tratatuko ditugu. Bestalde, ekonomia zirkularrean oinarritzen gara.

Zein da indartu nahi duzuen ekonomia zirkularra?

Soberakinak aprobetxatzean datza. Kalabaza eta letxugen soberakinak biltzen ditugu guk kilkerrei emateko. Beste merkatu batzuek erabiltzen ez dituzten soberakinak beste batzuentzat baliabide izan litezke. Hondakinetatik gauza baliotsuak atera litezke. Gainera, jasangarritasunari ere egiten dio mesede gure proiektuak. Behien haragitik kilo bat proteina lortzeko 30.000 litro ur behar dira. Kilkerrekin eskuratzeko 15 litro baino ez dira behar; beraz, jasangarritasun aldetik onura mordoa ditu.

Zergatik hautatu zenuten kilkerra?

Kakalardoen arra edo kilkerren artean izan genituen zalantzak, bi horiek baitziren gure aukerak. Kakalardoek izan dezaketen harrerak beldurtu egin gintuen, kilkerrak jendarteratzea errazagoa da. Prezio aldetik normala izango da, 2-2.5€ balioko dute, merkatuko ohikoa.

Zein errezeta gomendatuko zenuke, kilker irinarekin egiteko?

Guztia. Momentu honetan gu gailetetan oinarritzen gabiltza, baina pasta, makarroiak, ogia... dena egin liteke. Gure ideia supermerkatu txikietan eta online saltzea da. Dena den, egitasmoaren nondik norakoak jarraitzeko insectlabel.com webgunean sar zaitezkete.

Hainbat lan lerro ditu beraz, zuen intsektu fabrikak.

Bai, hiru. Batetik, bizirik dauden intsektuak saltzen ditugu. Bestetik, irina egiten dugu, bi motatakoa: animalien pentsuetarakoa, eta gizakientzakoa. Europan arrainak elikatzeko arrain irina erabiltzen dute, baina horrek etorkizunean behi eroen gaixotasuna bezalakoa sor lezake. Horregatik, aldatzeko behar eta aukera handia ikusten dugu hor. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide