Espainiako senatari izango zara. Gogotsu hartu al duzu kargua?
Bai noski. Nire leloa beti izan da “prest eta gogotsu” Euskadi eta Arabaren alde lan egiteko, beraz aukera paregabea daukat horretarako.
Apirilaren 28ko hauteskundeetako emaitzak ikusita, zer nolako balorazioa egiten duzu?
Emaitzak izugarriak izan dira. Demokraziaren historian lehen aldiz EAJ hauteskunde orokorretan lehen indarra izan da Araban. Beraz, balorazio ezin hobea egiten dugu. Emaitza honek jendearen konfiantza erakusten du eta oso eskertuta gaude. Argi geratu da zein garrantzitsua izan den legealdi honetan gure taldeak Madrilen egin duen lana. Euskadiren interesak defendatu ditugu eta hiritarrek inoizko babes zabalena eman digute.
Zeintzuk izango dira senatuan jeltzaleen erronkak?
Erronka izango da Araba eta arabarren interesak defendatzea. Egia esan, 1993tik EAJ-PNV-k ez zuen arabar ordezkaririk Senatuan. Beraz, lan asko egin beharko dugu bide honi ekiteko.
Zergatik da garrantzitsua Kongresuan eta Senatuan euskal ordezkariak egotea?
Legealdi honetan argi eta garbi geratu da. Euskadirentzako lortu duguna talde parlamentario indartsua edukitzeagatik izan da. Kongresuan eta Senatuan EAJ-PNV-k “euskal agenda” defendatu du beti. Hau da, Autogobernua, Itun Ekonomikoa, azpiegituretan inbertsioak, euskal enpresei edo elkarteei laguntzak. Hau da orain ere gure konpromisoa.
Ibilbide luzea egin duzu politikagintzan. Laburtzerik bai?
Egia esan 2016an hasi zen nire ibilbide politiko publikoa Gasteizko Legebiltzarrean. Aurretik politikan parte hartu izan dut, baina ardura publikorik gabe. Politika gustukoa dut, gizarteari eta gure herriarrei zerbitzua emateko bokazioa sentitzen dut.
Maila politikoan, zertan nahiko zenuke eragitea senatari gisa?
Senatua lurralde ganbara da. Gustatuko litzaidake erakunde hau, gure lurraldearen alde, eraginkorragoa izatea. Gustatuko litzaidake Araba eta Euskadirentzako positiboak izango diren proposamenak egitea eta emaitzak lortzea.
Eta pertsonalki, zer suposatuko dizu?
Erronka berria bat. Orain arte Arabako Batzar Nagusiak eta Eusko Legebiltzarra ezagutu ditut. Orain Senatua ezagutuko dut, botere legegile berri bat niretzako. Honekin batera erronka pertsonala ere bada, lana Madrilen egingo dut, hiri eta lan talde berri batekin.
Zer espero duzu senatuko agintaldi honetatik?
Aurreko legealdiaren bukaeran Gernikako Estatutuaren aurkako mozio bat onartu zen Senatuan. Beraz, EAJren lehen zeregina izango da Autogobernua, Eskubide Historikoak, Itun Ekonomikoa eta Estatutua bera defendatzea. Helburu garrantzitsua iruditzen zait eta espero dugu agintaldi honetan helburu honetan aurrera egitea lortzea.