Maddi Otaolak Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan parte hartu zuen asteburuan Zaragozan. Sakoneta taldearekin lehiatu zen okondoarra; eta uztaia erabilita, lehen postua eskuratu zuen. Horrek balio izan dio bere klubari elitean jarraitzeko.
Edonola ere, txapelketa ez zen erraza izan Otaolarentzat. Larunbatean pilotako diziplinan neurtu zen eta emaitzak ez ziren onak izan. Hala ere, igandean okondoarrak ez zuen kale egin, eta uztaiarekin egindako ariketa bikaina izan zen. Horren ondorioz urrezko domina eskuratu zuen.
Lorpen horrekin Otaolak bere ibilbide arrakastatsua jarraitu du. Berez, iaz Espainiako Senior txapelduna izan zen eta bere ahaleginak aitortzeko pregoilari izan zen herriko jaietan.