EAJ eta EH Bilduren artean banatu dituzte Okondoko udal arloak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko uzt. 17a, 09:40
Okondoko Udalaren antolaketa aurkeztu dute. / Aiaraldea.eus

Jon Escuza alkateak jardun erdiz egingo du lan, 23.400 euroren truke. Akordioaren ondorioz, EH Bilduk 4 arlo eramango ditu, eta EAJk gainontzekoak. Okondo Aurrerarentzat esperotako emaitza izan da, eta koalizio abertzalearentzat zein jeltzaleentzat "etapa berri baten hasiera".

Udalbatzan onartu zuten Okondoko udal osaera berria. Jon Escuza alkatea jardun erdiz arituko da gobernu buru lanetan, eta 23.400€ jasoko ditu horren truke.

Arloei dagokienean, EH Bildu eta EAJren artean banatu dituzte. Jeltzaleek kudeatuko dituzte kultura eta hezkuntza, Eneritz Alonso buru izanda. Horrez gain, alkateorde izango da Alonso. Pablo Alcalderen esku geratuko dira, aldiz, ongizate, ingurumen, kirol eta jai arloak.

Marisa Urruelak ogasun eta garapen ekonomikoa gidatuko du, eta Jon Escuza alkateak hirigintza, obrak eta zerbitzuak. Hala, Naiara Otaola EH Bilduko zinegotziaren esku geratuko dira euskara eta berdintasun sailak, eta Joseba Ruiz koalizioko kideak hartu du bere gain mendien eta abeltzaintzaren ardura. 

Talde politikoek 100€ jasoko dituzte, eta zinegotziek 30€. Horrez gain, udalbatza bakoitzagatik zinegotziek 60€ lortuko dituzte, eta batzordeetara bertaratzeagatik 40€. 

Alderdien erreakzioak
Okondo Aurrera taldearen ustez, esperotako emaitza izan da. Sergio Tatoren aburuz, azpiko akordioa izan da: "Ez gaitu harritu. Emaitzak ateratzean hasi ziren ospatzen. Antolaketa Batzordean EH Bildu ados agertu zen EAJk aurkeztutakoarekin. Hori da Okondoko errealitatea: alde batetik alderdiak daude, eta bestetik auzokideen plataforma. Orain, eurei egokitu zaie".

Naiara Otaola EH Bilduko ordezkariak akordioa aurreko lege agintaldiko talkak eta hausturak bideratzera dator: "EAJk eta EH Bilduk beharra ikusi dugu gure ezberdintasun politikoak alboratzea akordio garrantzitsuak lortzeko, udal kudeaketan lasaitasuna, parte hartzea eta ongizatea ekarriko dituen etapa berria hasteko". 

Jon Escuza jeltzaleak garrantzitsutzat jo du adostasuna: "Urteak daramatzagu konfrontazio egoeran eta gezur artean. Pozik gaude emaitzarekin. Ona da Okondo hazteko jarrera positiboa eta baketsua izatea. Uste dugu positiboa dela Okondoren alde lan egiteko EH Bildurekin akordioa erdietsi izana".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide