[UDARIKLIK] Haizea Otaola, Argentinako hegaztiak ikertzeko bidaiari

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 9a, 09:01

Hegaztiak ikertzera joan da Haizea Otaola okondoarra Argentinara. Beka bidez sei hilabete igaro ditu han, eta egonaldia luzatzeko asmoa du. Hego Amerikan bizitako esperientziaz mintzatu da.

Haizea Otaola okondoarrak Argentinan igaro ditu sei hilabete unibertsitateko beka batekin. "CECARAn Global Training bekarekin egon naiz, Argentinako Hegazti Harrapakarien Ikerketa eta Kontserbazio Zentroan lan egiteko izan da".

Santa Rosan (La Pampa, Argentina) igaro du urte erdia, hainbat proiektutan parte hartzen: "galzorian dagoen hegazti baten GPS bidezko jarraipenean, hegazti paseriformei eraztunak jartzen, foto-tranpeoko argazki kamaren bidez haragijaleen jarraipena egiten eta hegazti zein haragijaleen gorotzak aztertzen euren dietaren analisia egiteko, besteak beste".

Beka garaia agortuta, Hego Amerika ezagutzeko denbora hartzea erabaki du: "Orain, Bolivian gaude, La Pazen, baina ez da bisitatu dugun herrialde bakarra izan. Bi aste baino gehiago daramatzagu bidaiatzen. Lehenengo 8 egunetan Argentinako ipar-mendebaldean dauden Salta eta Jujuy bisitatu genituen, han Cafayate, Cachi, Tilcara eta 7 eta 14 koloreko mendiak bisitatu genituen. Ondoren, Chilera joan ginen eta 3 egunez Atacamako desertuan egon ginen. Bertatik Boliviara joan ginen ibilaldi batekin, eta 3 egunetan zehar Uyuniko basamortua, lakuak, gatz-lautadak eta abar ikusi genituen".

Zerk harritu duen gehien galdetuta, jendeak orainaldia bizitzeko moduak harritu duela dio: "Adibidez, Argentinan inflazioagatik aurrezkiak izateak etorkizuneko edozein erosketetarako ez du zentzurik".

Udan eta neguan turismo asko dagoela azpimarratu du: "Tokiaren arabera urtaroak oso desberdinak dira. Argentinako ipar ekialdean neguan ez dira oso tenpera baxuak izaten. Hegoaldean, aldiz, oso baxuak dira, eta ondorioz turismorako lan egiten duten pertsonek ere hilabete horietan ospa egiten dute".

Egonaldia pittin bat gehiago luzatzeko asmoa du Otaolak Argentinan, bidaiatzen jarraitzeko, besteak beste: "Momentuz irailaren hasieran Argentinan ospatuko den hegaztiei buruzko kongresu batera joango naiz".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide