400 lagun baino gehiago elkartzea espero dute abuztuaren 16tik 21ra Okondon. Hain zuzen, Euskadiko Agility txapelketa jokatuko da bertan. Euskadiko Agility Klubak antolatuta, goiz eta arratsaldez makina bat jarduera egongo dira. Txapelketa goizez jokatuko da, 8:30etik aurrera. Arratsaldean, ordea, bestelako ekintzak egongo dira.
Abuztuaren 16an, esate baterako, txakur erakustaldia egingo dute 19:00etan. Larunbatean, ordea, Espainiako Agility selekzioko kideak bertaratuko dira, 18:00etan. Izan ere, munduko txapelketarako entrenamendu saio irekiak gauzatuko dituzte Aiaraldean. Igandean, aldiz, "Final Galican" ekimena egongo da 18:30etik aurrera. Astelehenean, berriz, dantzak hartuko du lekukoa, zumba saioa eskainiko baitute. Abuztuaren 20an eta 21ean -lehiaketaren azken bi egunetan- arratsaldez ez da egongo aparteko egitaraurik.
