Pertsona bat atxilotu du Ertzaintzak Okondon, lapurtutako motozikleta bat gidatzea egotzita. Herenegun atxilotu zuten gizonezkoa, goizeko laurak aldera, herriaren erdigunetik abiada handian igarotzen ari zela. Okondoko bizilagun batzuk izan ziren polizia deitu zutenak, motorra eragiten ari zen zarata zela eta.
Patruila bat bertaratu zen udalerrira eta gidaria identifikatu zuen. Horrela konturatu ziren motorrak matrikularik ez zeramala. Bastidoreko zenbakia konprobatu zuten orduan, eta ostutako motor batena zela ohartu ziren. Gauzak hala, gizonezkoa atxilotu zuten. Akusatua 24 urtekoa da eta aurrekari polizialak ditu, Ertzaintzak adierazi duenez. Aske utzi dute, baina epaitegitik igaro beharko da.