Ur saneamendua bereizteko babes ekonomikoa eskatu du udalak

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko ira. 17a, 09:33

Atzo izan zen ez-ohiko bilkura, udaletxean. / Aiaraldea.eus

Eusko Jaurlaritzako deialdira aurkezteko ez-ohiko bilkura deitu zuen EAJren gobernu taldeak. EH Bildu ados azaldu zen, eta Okondo Aurrera kontra. Edonola ere, aho batez onartu zuten babes ekonomikoa eskuratzeko erabakia. 455.000€ balioko dute ur saneamendua bereizteko lanek.

Eusko Jaurlaritzako diru-laguntza deialdira aurkezteko ez-ohiko udalbatza egin zuten atzo Okondoko Udalean. Jon Escuza alkatean azaldu zuenez, diru-laguntza eskaera epea gainean dutelako aurreratu zuten deialdia -osoko bilkura hileko azken ostegunean da-, eskaera telematikoki egiteko denbora edukitzeko. Okondo Aurrerak deialdiaren urjentzia kritikatu zuen. “Kontsultatu eta informazioa pasa gabe deitu duzue bilkura”, aipatu zuen Sergio Tato zinegotziak. Hori dela eta, deialdiaren onespen bozketan kontrako botoa eman zuen plataformak. Gainontzekoen –EAJ eta EH Bildu- aldeko bozarekin egin zuen aurrera deialdiak.

“Aukera ona da saneamendu sarea bereizteko. Proiektu teknikoa egina dago, Arabako Foru Aldundiaren eskuetan dago”, adierazi zuen alkateak. Landa eremuetako herrien garapenerako laguntzetan kokatu nahi dute proiektua eta, Arabako Foru Aldundiaren babesa ez ezik, Eusko Jaurlaritzarena ere lortu nahi du udalak. “1.400.000 eurokoa da aurrekontua, 53.000€ balio dute obrek”. Guztira, beraz, 1.453.000€ bideratuko ditu tokiko erakundeak lanetara. Gastuari aurre egiteko Arabako Foru Planetik 927.630€ aurreikusi dituzte, eta baliabide propioetatik –hau da, udaletik- 527.856€. “Horrenbestez, guztira 1.455.000€ ingurukoa da zenbatekoa”, erantsi zuen Escuzak.

Tokiko instituzioaren gastua murriztu nahi dute Eusko Jaurlaritzako deialdiaren bidez. “Herri osoan eragingo dute lanek, errepide nagusia alde batetik bestera zabaldu beharko da, espaloi bakoitzean ur fekalak eta gainontzekoak bereizteko. Herritarrek ez dute onura nabarituko, baina ingurumenak bai”, aurreratu dio alkateak Aiaraldea hedabideari. Obrek urtebeteko iraupena izatea espero dute, lurra altxatu beharko baita eta horrek trafikoari eragingo baitio. Europako arautegiak ur saneamendua sailkatua izan behar dela dioelako sustatu dute lana.

Okondo Aurreraren kexa
Eragile politiko guztiek egin zuten bat proposamenarekin. Okondo Aurrerak hitzartzea baliatu zuen bere jarrera argudiatzeko: “Egitasmoaren alde bozkatuko dugu, aurreko lege-agintaldian Okondo Aurrerak proposatutako proiektua izan baitzen”. Alabaina, ez-ohiko deialdiarekiko desadostasuna berretsi zuen: “Oposizioarekiko errespetu falta da, eta hori da lege-agintaldi honetan EAJ hartzen ari den bidea”. Ohiko bilkura irailaren 26an izango da, 19:00etan udaletxean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide