San Romango bizilagunei ur tasa itzuliko diete

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko urr. 7a, 09:30
Ostegun iluntzean izan zen iraileko bilkura. / Asier Sarasua Garmendia

Ur horniduran arazoak egon direla-eta, San Romango bizilagunei zerga itzultzea erabaki dute udalbatzan.

Okondoko San Roman auzoko bizilagunek ez dute ur tasa ordaindu beharko. 15 herritar izango dira itzulketa jasoko dutenak, zerbitzuak eragindako kalteengatik. Eneritz Alonso alkateordeak azaldu zuenez, jario ihesa izan dute hodiek batetik; eta, bestetik, lokatza pilatu da. “Bizialgunei tasa itzuli behar zaiela uste dugu, ez baita kalitatezko zerbitzua izan”, adierazi zuen udalbatzan. 

Proposamenak eztabaida piztu zuen bilkuran, Okondo Aurrerak “aurrekari larritzat” jo baitzuen gobernu taldearen erabakia. Sergio Tato zinegotziaren esanetan, ez da protokoloa jarraitu, “Osasun Sailari ez baitzaio berri eman”. Hargatik, kudeaketa txarra leporatu zien jeltzaleei: “San Roman 3 egun egon da urik gabe. Gu egon garen 10 urteetan ez da horrelakorik gertatu". EH Bilduri berriz, oraingoan "alarma soziala" ez piztea egotzi zioten.

"San Romangoei barkamena eskatu behar zaie, eta enpresak hanka sartu badu berak ordaindu behar du, ez herritarrek. Aurrekari larria da EAJk ireki duena". Okondo Aurrerak kontra bozkatu bazuen ere, EAJ eta EH Bilduren aldeko botoei esker aurrera egin zuen proposamenak.

Ugaldeko bidea konpontzeko proiektua gauzatzeko, arkitektoak txostena egitea aho batez onartu zuten. Bestalde, Valvospain enpresako beharginei elkartasuna luzatzeko adierazpen instituzionala jarri zuten mahaigainean. Denek eman zioten babesa testuari, baina Okondo Aurrerak jakinarazi zuen aurrerantzean ez dituela mota horretako ekinbideak onartuko, "eskualdeko lan gatazkak akordioak bilatzeko ekarri behar dira udalbatzara, ez alderdiek dominak zintzilikatzeko".

Aldaketa klimatikoa, ezbaian
Aldaketa Klimatikoaren azkartasuna dela-eta, larritasuna eta konpromisoak adierazteko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk irailaren 26ko udalbatzan. Nola Eusko Jaurlaritzari hala Okondoko Udalari ekinbideak zehazteko eskatu zieten, zentzu horretan. Naiara Otaola EH Bilduko hautetsiak datozen 8 hilabeteetan herriko azterketa egitea exijitu zuen, besteak beste. EAJk kontra bozkatu zuen, EH Bilduk alde, eta Okondo Aurrerak abstentzioa.

Segidan, jeltzaleek emendakina aurkeztu zuten, "Tokiko soluzioak bilatzera arazo globalei konprometitzen gara” ideia nabarmentzeko. Hitz soilak direla argudiatuta, EH Bilduk EAJren ekarpenaren aurka bozkatu zuen, "azken 5 urteetan karbono emisioa asko areagotu da, deskarbonizazioa premiazkoa da, Eusko Jaurlaritzak ez du arrazoirik bide onean goazela esateko".

Okondo Aurrerak eskatutako zenbait kontu dagoeneko eginda daudela Okondon azpimarratu zuen, eta gobernu taldearen kontra jo zuen: "Hau urte osoko lana da. Gobernu taldea izanda, ez bazarete kapaz gai klimatikoan ados jartzeko, argazki garbia da. Argiteria aldatu zen, konpostajea biltzeko hondakin bilketa berritu zen, auto elektrikoa erosi zen…". Jakue Aranburuk nabarmendu zuenez, neurriak hartzearen alde dago plataforma, "baina argazki politikotik kanpo geratuko gara, abstentzioa bozkatuko dugu". Kale izendegiak sortutako gorabeherak ere izan zituzten hizpide, baina datozen asteetan jorratzeko gai gisa utzi zuten, "topatutako arazoak bideratu bitartean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide