Hiru egunez luzatuko dira Irabiengo jaiak, ostiraletik igandera arte

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 3a, 17:00
Txapelketa gastronomikoak egongo dira igandean.

Bihar izango da larunbateko herri bazkarian izena emateko azken eguna.

Bihar hasiko dira Irabiengo jaiak. Igandera arte luzatuko da festa Okondoko auzo horretan, makina bat ekintzari esker. Odoloste jana, mus txapelketa eta DJa egongo dira bihar, esaterako.

Larunbatean, aldiz, goizetik gauera arte luzatuko da egitaraua. Okondoko mendi ibilaldia izango da lehen jarduera. 8:30ean abiatuko dira parte hartzaileak eta inguruko mendietan barrena ibiliko dira. Jarraian, meza, kalejira, bizkotxo lehiaketa eta kuadrillen bazkaria egingo dituzte. Otorduan parte hartzeko Zigorren edo Batzokian eman beharko da izena, bihar izango da horretarako azken eguna. Arratsaldean, berriz, bingoa, puzgarriak, tute lehiaketa eta mozorro txapelketa egongo dira. DJ Kelmen arduratuko da gaua girotzeaz.

Igande goizean, ordea, gastronomia izango da nagusi, tortilla eta marmitako txapelketa prestatu baitituzte. Bolo-jokoa, garrafa dastatzea, igel-toka eta briska txapelketa, umeentzako jolasak eta zozketa ere edukiko dituzte.

Argazki lehiaketa
Ohiko karta eta gastronomia txapelketei argazkilariena batuko zaie jaietan. Hiru argazkiko bildumak aurkeztu ahalko dira. Baldintza bakarra bete beharko dute irudiek: Irabiengo jaiei buruzkoak izatea. Irudi guztiek 300 pixeleko erresoluzioa izan beharko dute gutxienez.  

Bi modu egongo dira irudiak aurkezteko. Posta elektroniko bidez bidali ahalko dira argazkiokondo@hotmail.com helbidera, parte hartzaileen izen.abizenak, adina, telefonoa eta helbide elektronikoak zehaztuta. Bi sari egongo dira: bilduma eta argazki onenarena.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, argazkien arteko “batasun tematikoa” baloratuko dute batez ere irabazleak hautatzerako orduan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide