"Izaki migratzaileak gara; betidanik mugitu gara etorkizun hobeago baten bila"

Julen Solaun Martinez 2019ko aza. 8a, 06:30
Eleberria argitaratu berri du Imma Roizek. / Aiaraldea.eus

Iragan astelehenean argitaratu berri den El viaje de Aixa. IMMA ROIZ (Okondo, 1971) kazetariaren hirugarren eleberria da, Manuela eta Oro verde liburuen ostean idatzitakoa. Hala ere, oraingo honetan ilustratutako liburua da, Rober Garay marrazle bizkaitarraren kolaborazioarekin. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute liburua 19:30ean Okondoko Kultura etxean. 

Kontatu iezadazu zertan datzan “El viaje de Aixa” eleberria.

Duela 15.000 urte, Goi Paleolitikoan, girotutako istorioa da, Madeleine aroan, hain zuzen ere; garai horretan planetaren laurdena izoztuta zegoen. Istorioa, bere horretan, Erdiko Pirinioetan hasten da eta pertsonaiek Urdaibairaino egiten duten bidaian dago mamia. Liburuaren barruan mapa bat dago, eta han ikus daiteke ibilbidea.

Rober Garayk irudiztatutako liburua da. Bera espeleologoa ere bada eta Paleolitikoa du oso gustuko; batera sortu dugu istorioa.

Nik idatzi dut eleberria, baina uneoro egon gara biok batera kobazuloak ikusten eta garaian erabiltzen zituzten materialak aztertzen, ea zer motatako arma eta etxebizitzak zituzten begiratzen genuen.

Roberrek, gainera, asko daki flora eta faunari buruz. Izugarri lagundu dit.

Zergatik erabaki zenuen zure eleberria Paleolitikoa bezain ezohikoa den garai batean girotzea?

Ez dakit. Abentura bat izan da, ezta? Egia da zaila dela, txipa asko aldatu behar delako. Atentzioa deitu didan gauza nagusienetako bat garai horretan gizakia elikatze-katearen erdian zegoela izan zen.

Harraparia zen, bai, baina izan zitekeen harrapatua izatea; beraz, uneoro daude alertan. Gaur egun, gu gara harrapari nagusia, baina garai horretan janaria ere baginen.

Arrisku konstante egoera horrek atentzioa deitzen dit. Idaztea, berez, abentura bat da. Edozein garaik ikerkuntza handia eskatzen du, asko irakurtzea. Nik, gainera, oso gogoko dut antropologia eta horregatik ezaguna nuen Paleolitikoa, baina liburuaren lehenengo ideia Roberrek eman zidan.

Nola lortu duzu irakurleek, haien bizimoduarekin erabat desberdina den istorio batekin, haien buruak identifikatuta ikustea?

Ez dakit. Nire ustez, istorioek duten parterik erakargarriena igortzen dituzten emozioak dira. Espero dut lortu izana, baina oraindik ez dakit liburua atzo atera baitzen (elkarrizketa asteartean egin zen); oraindik oso gutxik izan dute osorik irakurtzeko aukera.

Uste dut istorio erreala transmititzea lortu dudala, Paleolitikoa zenaren barruan, behintzat. Paleolitikoak fantasia gradu handia du ere, garaian gertatzen ziren gauza asko oraindik ez baitakizkigu.

Diego Garate arkeologoak, adibidez, eleberria irakurri du eta ondo girotuta dagoela uste du; hala ere, lizentzia batzuk hartu ditut.

 

"Nire eleberrietan ez dut mezu politikorik bilatzen"

 

“El viaje de Aixa”-ren hurrengo eleberria gaurkotasunean girotuko duzu. Nolakoa duzu istorio bat bilatzeko prozesua, hain gai eta garai desberdinak tratatuta?

Nire ustez, idaztea istorioak kontatzea da. Nik, kontatu nahi ditudan istorio asko ditut buruan, eta orain garaikidea den zerbait dut.

Gizakiari gertatzen zaion zerbait kontatu nahi dut, eta orainaldian girotuta lortuko dudala uste dut. Azken finean, testuinguru historikoa testuinguru besterik ez da, istorioak gizakiarenak dira. Ehiztari bati Paleolitikoan gertatu ahal zitzaiokeena gaur egun gerta dakigukeenaren oso desberdina da, baina gizakiaren esentzia han barruan dago; hori ukitzen saiatu beharra dago.

Hiru eleberriak izan dituzu Euskadin girotuta, pare batean behintzat. Handik guztiz ateratzea planteatu al duzu inoiz?

Nobela-itxurako ingurune batean bizi garela uste dut. Gainera, orain arte argitaratutakoak naturarekin oso erlazio handia dute.

“Manuela” XVIII. mendean dago girotuta eta baserri bizimoduaren inguruan ari da, baita Mexikoko garaiko bizimoduaren inguruan. Garai horretan, baserrietako kideak, beraiek ekoiztutako janaritik bizi ziren.

“Oro verde”-k, nire bigarren eleberriak, Euskadira zuhaitzak moztera etorri zirenen inguruan hitz egiten du. Momentu horretan, 1950eko hamarkadan, gerraosteko ekonomia berrindartzeko balio izan zuen horrek.

Natura nire eleberrietan beste pertsonaia izan ohi da. Idatziko dudan hurrengo eleberria, hala ere, urbanoagoa izango da, garaikideagoa. Orain arte izandako baino duda gehiago ditut, baina ez dut uste oso urrun joango naizenik.

Ez dizu beldurrik ematen erregistroz aldatzea, naturatik hirira pasatzea?

Bai, bertigoa ematen du, hori egia da. Beldur pixka bat ematen dit orain, beste errekurtso desberdinekin jokatu beharko dudalako. Hala ere, naturaren elementuak ere egongo direla suposatzen dut, hori norberaren araberakoa delako.

Nola sortzen dituzu pertsonaiak? Nola datorkizu burua?

Ez dakit, etortzen zaizu. Ideia bati bueltak ematen hasi eta aurpegia jarri behar zaio ideia horri, pertsonalitatea eta esentzia.

“Aixa”-ren kasuan, adibidez, emakume bat izan behar zela argi ikusi nuen; eleberrian hazi behar zela ere ikusi nuen.

“Manuela”-n, adibidez, ikerketa sakonaren ondorioz erabaki nuen protagonista izango zela; baina eleberri horretan pertsonaia asko daude, gizonezko ugari daude bere inguruan. “El oro verde” gizonezko baten inguruan datza, haiek baitziren zuhaitzak moztera zetozenak.

Pertsonaia horien bidez edonolako ideia politiko edo sozialik igortzea bilatzen duzu?

Beti bilatzen duzu zer edo zer, beti kontatu nahi duzu zerbait. Politikoa? Ez. Gehienbat zure identitatea irudikatzen dela suposatzen dut.

Nire nobelek nitaz zerbait esaten dute, baina ez dut zerbait espezifikoa bilatzen, nire izateko era da. Ez dut helburu finkoa.

Biografiak ere egiten dituzu.

Bai, kazetari batekin eta diseinatzaile batekin enpresa txiki bat dut, eta nobelatutako biografiak egiten ditugu. Familien inguruan idazten dugu normalean, baina pertsona bakarren inguruan ere idazten dugu, edo enpresen inguruan, edota udalerriek eskatuta.

Adibidez, aurten hamabi emakume nagusiren testigantzak biltzen dituen liburua argitaratu dugu Amurrion, herriaren historia kontatzen dute. Laurogeita hamarretik gorako emakumeak daude, ia mende bat kontatzen dugu liburuan.

 

"Pertsona nagusiak informazio iturri sinestezinak dira"

 

Zer desberdintasun dago eleberri bat edo biografia bat idazterako orduan?

Ez dute zerikusirik. Biografietan niri esaten didatena soilik kontatzen dut. Nire adierazpen askatasuna han dago, baina eleberri batean baino askoz ere mugatuagoa da.

Egia da ikerketa lana egiten dugula eta, esaterako, 40ko edo 50eko hamarkadak Laudion nolakoak izan ziren aztertzen dugula, baina hori era jakin batean kontatu behar dut.

Biografietan ez duzu gezurrik esaten, esten dizutena kontatzen duzu ildo nagusi politarekin, irakurtzen erraza den era batean.

Zer ematen dizu biografiak egiteak gero eleberriak idazterako orduan?

Biografietan, normalean jende nagusiak parte hartzen duenez, asko ikasten dut. Pertsona nagusiak informazio iturri sinestezina direla uste dut, haien kontatzeko era gogoko dut.

Pertsona batek dagoeneko urte asko bizi izan dituenean, bere bizitzaren parte onak eta txarrak kontatzen ditu. Niri horrek elikatzen nau.

Orduan norbanakoek denboran eta espazioan jasaten dituzten eraldaketetan interesa duzula suposatzen dut.

Bai. Nire eleberri guztiek migrazioak dituzte elementu orokor bezala. Beti dago migrazio prozesuren bat.

Zer dela eta?

Interesatzen zaidalako. Migrazioen gaia oso gogoko dut, denboraren hasieratik izaki migratzaileak izan garela uste dut.

Orain izaki sedentarioak gara, jada ez gara nomadak, baina betidanik mugitu izan gara etorkizun eta aurrerabide baten bila, bizitza hobeagoaren bila. Biziraupenaren bidaia da, gizakiaren izaerari atxikituta dagoen zerbait dela uste dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide