Bigarren aldiz jarraian hautatua izan zara Senatuan aritzeko, nolakoa izan da aurreko legealdia?
Egia esanda, nire laugarren hauteskunde kanpaina izan da, nahiz eta apirilaren 28an bakarrik lortu nuen ordezkari izatea Senatuan.
Bukatu den legealdia oso motza izan da, 5 edo 6 hilabetekoa. Hortaz, bi osoko bilkura besterik ez dugu izan, Senatua osatzeko bata eta orokorra bestea. Ez dugu denborarik izan ekimenak gauzatzeko. Zenbait gai aztertu dugu, baina ezer gutxi gehiago.
Ez badago gobernurik, oso zaila da lan egitea. Uztailetik gure susmoa zen hauteskundeak egongo zirela berriro eta horrela gertatu da. Ondorioz, gure jarduera moteldu zen. Gogoz gaude lan egiteko.
Esperientzia motza izan arren, ondoriorik atera duzu?
Euskal politika eta espainiar politika oso ezberdinak dira. Kongresua osatu zenean inbestiduran egon nintzen eta harrigarria izan zen: oihuak, irainak... Oso gogorra da.
Eusko Legebiltzarrarekin alderatuta, jarrerak ez du zerikusirik. Hemen benetako politika egiten dugu guztiok.
Bestalde, ez bada hain ikusgarria ere, Senatuan zenbait gauza lor ditzakegu Kongresuan ezinezkoak direnak.
Legealdi honetan ez da egongo gehiengo absolutua eta gu laugarren indarra izango gara Senatuan.
"Senatuan zenbait gauza lor ditzakegu Kongresuan ezinezkoak direnak"
Momentuz, badirudi PSOE eta Podemosen arteko gobernua sortuko dela. Zein da zure iritzia?
Politika egiten ikasi dute. Ekainean heldu zitzaiguna Twitterren eta egunkarien bidez izan zen, eta hori ez da posible. Orain ganoraz egin dute akordioa; elkarrizketa eta adostasunaren bitartez.
Duela 6 hilabete ezinezkoa zena, orain errealitate bilakatu da. 24 ordutan lortu dute. Hauteskundeak egitea ez da erabaki ona. Ikusi dugu VOXek nola egin duen gora. Alderdi hori legala bada ere, bere planteamendu gehienak Konstituzioaren kontrakoak dira. VOXi Konstituzioaren 2. artikulua baino ez zaio interesatzen: Espainiaren batasunari dagokiona, alegia.
VOXen gainerako ideia guztiak Konstituzioaren aurkakoak dira: autonomiak, berdintasuna... Hori arriskutsua da. Akordioak lortzea zaila da, baina egin beharra dago. Hori da politika. Ardanzak eta Jauregik Eusko Jaurlaritzan egoteko akordioa landu behar izan zuten, eta ziurrenik ez zen erraza izan.
Estatu Espainiarrean gertatzen ari dena Europa osoan jazo dena da. Gehiengo absolutuak sortzeko gai ez dira izango. Hortaz, akordioak erdietsi beharko dituzte, derrigorrez.
Legealdi honetan zeintzuk izango dira erronkak Senatuan?
Senatuan aspaldi dago mahai gainean txosten bat organo hori eraldatzeko eta benetako protagonismo politikoa izan dezan. Bestalde, lurralde ordezkaritzan oinarritutako organoa da Senatua, eta ez du funtzio hori betetzen, bereziki Euskadi eta Kataluniari dagokionez.
Orain Katalunian sekulako gatazka dago eta Senatuak asko esan behar du horri buruz. Horrez gain, 155. artikulua dago.
Nire ustez, Senatuak protagonismoa izan du konponbidean eta gehiengo absolutuak ez daudela baliatuta, EAJk eragin behar du, edo behintzat ibilbidea egin adostasuna bilatzeko.
Kataluniako gatazkak irtenbide politikoa behar du, bestela demokrazia bera egongo da kolokan.
Noiz hasiko duzue jarduera?
Abenduaren 3an izango da osaketa bilkura. Hortik aurrera batzordeak sortuko dira eta espero dugu abenduan bertan edo urtarrilean lanean egotea.
"Kataluniako gatazkak irtenbide politikoa behar du, bestela demokrazia bera egongo da kolokan"
Nola aldatuko da zure bizitza?
Litekeena da asteartetik ostegunera arte Madrilen lan egitea eta astelehen eta ostiralean hemendik bertatik egitea, Arabako Buru Batzarrean edo Sabin Etxean, barne lana egiteko.
Bi gau ematea Madrilen ez da sekulako ahalegina, alderatzen badut nire aitonak egindakoarekin. Berak askatasuna galdu zuen Euskadiren alde. Gogoratzen dut hauteskunde egunean sare sozialetan idatzi nuela nahiz eta eguraldi txarra egin, bozkatzera joan behar ginela euritakoarekin. Bozkatzea egun bakarra da. Lubakietan borrokatu zirenek egunero egin behar zuten. Kate batean gaude, gaur botoekin borrokatu behar dugu eta niri egokitu zait Madrilera joatea. Ohore bat da eta bihar beste baten txanda helduko da.
Nolakoa izango da harremana beste senatariekin?
Talde oso indartsu eta anitza daukagu. Beste taldeekin ez dut izan harremanik, ez baitugu denbora askorik izan. Julia Liberal kenduta, Arabako Biltzar Nagusietan aritu garelako elkarrekin.
Edonola ere, gu prest gaude hitz egiteko, negoziatzeko eta akordioak lortzeko.