Okondoko Gabonetako programa ume eta gazteei bideratua egongo da batez ere

Julen Solaun Martinez 2019ko abe. 17a, 07:00
"Denboraren taupadak" antzerkia ikusteko aukera egongo da, besteak beste. / Patata Tropikala

Ume eta gazteentzako ekintzaz beteriko programa izango du Okondok aurtengo Gabonetan. Hala ere, ez dira faltako helduentzako eta familia osoarentzako ekintzak.

Abenduaren 24ko Olentzero eta Mari Domingiren etorreraz eta urtarrilaren 5eko errege desfile tradizionalaz aparte, oporretan zehar (abenduaren 23, 24, 26 eta 27an, hain zuzen ere) bi eta hamar urte tarteko umeentzako Negulekuak antolatuko dira Okondon, 10:00etatik 13:00etara. Aurretik, goizeko bederatzietatik hamarretara, adin tarte berdineko umeentzako zaintza zerbitzua egongo da ere. 

Era berean, hamar eta hamasei urte arteko gazteentzako robotika campusa burutuko da aipatutako lau egun horietan, 10:00etatik 13:00etara. 

Umeentzako ekintzei dagokionez, bihar (abenduak 18) arratsaldean ipuin kontalaria egongo da liburutegian, 18:30etatik aurrera. Hurrengo egunean, ostegunean, umeen kalejira bat abiatuko da Okondoko Eskolatik, 10:30ean.

Abenduaren 26 eta 28an familientzako antzerki emanaldi bana egongo da, Urte zaharra badoa (19:00etan, frontoian) eta Denboraren taupadak (18:00etan, Kultur etxean), hurrenez hurren. 27an, aldiz, guraso eta umeentzako ipuin tailerra egingo da eskolan. Parte hartu ahal izateko ezinbestekoa izango da abenduaren 20a baino lehen liburutegian izena ematea.

Helduentzako eskaintza
Dena den, helduentzako eskaintza ere bermatuko da herrian. Ostiral honetan bertan, abenduak 20, Gabonetako bolak egiteko tailerra antolatuko da 18:00etan. Hurrengo egunean, goizeko hamaiketan, Gabonetako tonkoak egiteko saioa eskainiko da. Azken bi ekintza hauek erretiratuen lokalean burutuko dira. Igandean, berriz, adin guztientzako Ze demontre umorezko ikuskizunak gozatzeko beta egongo da arratsaldeko seietatik aurrera Kultur etxean.

Hilaren 24an, Olentzero eta Mari Domingiren kalejira amaitu eta gero, postal lehiaketaren sariak banatuko dira liburutegian. Bukatzeko, urtarrilaren 5an, erregeen desfilea amaitzean, Itzalde abesbatzaren kontzertua antolatuko da elizan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide