“Ez ditut nire esperientzia propioak hartzen idazterako orduan, irudimen handia dut”

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 3a, 15:57

Anne Valverdek bere lehenengo eleberria argitaratu berri du./ Aiaraldea.eus

ANNE VALVERDEk (Okondo, 1996) “Amor hasta el despertar” eleberria argitaratu berri du; amodiozko, akziozko eta beldurrezko generoetako hainbat elementu nahasten duen liburua da. Hiru urte eman ditu idazten eta, etorkizunari begira, ez du beste liburu bat idazteko ideia alde batera uzten.

Duela zenbat argitaratu zenuen “Amor hasta el despertar”?

Duela hiru urte hasi nintzen idazten, baina 2019an bukatu eta argitaratu dut.

Nongoa da Circulo Rojo editoriala?

Egia esan, toki askotan du egoitza. Nik egoitza zentralarekin hitz egin nuen, Roquetas del Maren dago.

Zer liburu mota da genero aldetik? Eta zein publikora dago zuzendua?

Fikzioa eta erromantikoa da. Ez da publiko guztientzat, nik 14 edo 15 urtetik gorakoentzat dela esango nuke, hainbat gauza basati duelako.

Bikotekide baten inguruan datza. Emakumea eta gizona ezagutzen dira eta, harrez gero, hainbat gertakizun latz gertatzen dira. Horregatik ez da umeentzako testua.

Gauza gogorrak daudela aipatzen duzunean, zer zentzutan esaten duzu?

Hiletak eta biolentzia asko.

Liburu hau idazteko zer nolako erreferenteak izan dituzu?

Nik beldurrezko filmak maite ditut. Genero horretan idatzi dut, bizitza osoa daramadalako beldurrezko pelikulak ikusten. Gainera, irudimen handia dut. Istorioa idaztea nahiko erraza egin zait.

Non dago girotuta?

Zonaldeko toki batzuetan inspiratu naiz, baina ez Okondon. Nik bisitatutako toki batzuetan.

Adibidez?

Horietako bat Gaztelugatxe izan da. Gero, bisitatu ditudan toki batzuk deskribatu ditut ere, baina ez ditut traman izen horrekin idatzi.

Halaber, baso bat jarri dut, eta nik bisitatutako baten antzekoa da. Izen horrekin deituriko toki bakarra Gaztelugatxe izan da.

 

“Inork ez zuen espero liburu bat idaztea, ustekabean hartu zituen denak”

 

Nori gomendatuko zenioke irakurtzea?

15 urtetik gorakoa den edonori. Badago jendea ere 12 urterekin maite izango duena, nire kasuan bezala, beldurrezko filmak maite dituztelako, eta akzioa ere. Haiei gustatuko zaie, baina ez dakit nola datozen gaur egungo umeak, baliteke sorpresa ematea.

Zer generoko liburua da zehazki? Zer irakurle mota izango da aproposena?

Ez dakit. Ez naiz gauza konkretu batean zentratu. Badago jendea amodiozko istorioak edo akziozkoak bakarrik idazten dituenak, baina nik denetarik idatzi dut. Pixka bat hemendik, pixka bat handik.

Ez dakit jendeak zer izango duen gustukoen eleberritik; hainbat genero nahasten dituenez, baliteke dena ez gustatzea ere. Edo agian bai, egindako nahasketa gustatzen zaie. Ideien collage bat da. 

Inspirazioa nondik hartzen duzu?

Niri inspirazioa etortzen zait etortzen zaidanean. Baliteke lanean egotea eta, bat-batean, ideia bat etortzea. Ez ditut nire esperientziak hartzen, irudimen handia daukat eta burura etortzen zait ideia, bera bakarrik. 

Beldurrezko filmak ikustea maite dudala esan dut jada, handik zer edo zer hartzen dut. Nik nola egingo nukeen pentsatzen dut. Mila buelta ematen dizkiot guztiari, baina nahi gabe etortzen zait.

Liburu hau idatzi baino lehen beste zer edo zer idatzi duzu?

Ez, hau izan da lehenengoa.

Liburuaren aurkezpenak egiten hasi zara jada.

Eroskin sinatu nuen egun baten, baina behin bakarrik egin dut momentuz. Beste bat dut astelehenean 13:30ean, Izorian.

Zer esan dizute irakurri dutenek?

Momentuz, nik dakidala, bi pertsonek irakurri dute. Bati asko gustatu zaio, istorioa asko gustatu zaiola esan dit.

Besteak gustuko izan duela ere esan du, baina beti bizia izatea gustatuko litzaioke. Pixka bat zuzenagoa izatea nahiko luke. Baina hori nahita egin nuen. Idazten nengoela, hasieran bizitasun asko jartzea erabaki nuen, eta gero gutxiago. Horrela ez da dena hain konstantea eta hain esperoa izango. Hori gertatuko zela banekien.

Beste bat idatzi nahi duzu? Edo bigarren partea?

Momentuz, nire ideia bukatzea zen. Horrekin pozik nengoen, nire ametsa bete dut jada. Baina, aukerarik badut edo inspirazioa etortzen bazait berriro, ez dut inolako problemarik beste bat idazten. Etortzen direnak.

 

“Fikziozko elementuak eta erromantikoak ditu, baina ez da mundu guztiarentzako moduko eleberria”

 

Nortzuk dira pertsonaiak?

Protagonista Lucia da. Neska arrunta, bizitza soila daramana. Bere ikasketak amaitu ditu, eta lan bila dago. Egun batean, gauza bat gertatzen zaio eta ospitalean bukatzen du. Han, Daniel ezagutzen du.

Elkar gogoko dute, eta gero, alta izanda, denbora luzea pasatzen dute elkar ikusi gabe. Berriz topatzen dira, gauza asko pasatzen dira haien artean eta elkarrekin irteten hasten dira. Uneoro pasatzen dira gauzak, elkar dauden momentutik. Amaierara arte.

Zure ikasketek literaturarekin harremana izan al dute?

Ez. Nik mekatronika ikasi nuen lehenengo, eta automozioa geroago. Ez daukate literaturarekin zerikusirik.

Eta nola hartu du zure inguruko jendeak liburu bat idatzi izana?

Inork ez zuen espero, ustekabean hartu zituen denek. Liburua idatzi nuen eta argitaratu nuen, ea zortea nuen. Baina denak hartu nituen ustekabean.

Eta zein da zure idazketa prozesua?

Lan egiten amaitu eta etxera noanean, bakarrik banago eta egiteko ezer hoberik ez badut, kontsolarekin jolasten dut tarte batez. Jolasten ari naizen bitartean inspirazioa etortzen zaidala ikusten badut, jokoa gelditzen dut eta idazten dut. Baina bakarrik inspirazioa etortzen zaidanean, behartzen badut ez naiz gai. Bakarrik atera behar zait.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide