aiaraldea.eus

[IRITZIA] Okondoko Mesoiari agurra

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Ugalde   Jendartea  Okondo
[IRITZIA] Okondoko Mesoiari agurra
Okondoko Mesoia, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus | Ikusi handiago | Argazki originala

Tripakiak, muturrak edo txerri hankak bizkaitar saltsan; arrain-zopa, indaba gorriak edota txitxirioak mutur edo tripakiekin; garaian garaiko ortuariak; artxo, aume eta oilasko erreak; bakailaoa pil-pilean, txipiroiak saltsan eta pìper beteak edo ogi-tostadak izugarri gozatu ditugu lagunartean eta familian, jantokian edota herriko frontoian antolatutako bazkarialdietan.   

Tabernan mundu osoko hamaika lekutatik lagunek ekarritako ehunka imandun-iruditxoak, futbol talde bati lotutako ikurrak, koadroak, argazkiak… hainbat bizipenen lekuko. Urte guzti hauetan margolanen erakusketak, musika emanaldiak, dantzaldiak, antzerki saioren bat, futbol eta esku-pilota partidak eta beste zenbait ikuskizun bizi izan ditugu bertan. Goiz eta iluntzeetan txikiteroen elkartoki, elizkizunen osteko pausaleku, karta-joko eta mus txapelketetako gune, herrigintzan eta euskalgintzako hainbat ekimen antolatzeko bilgune eta, azken urteetan, pintxo-potearen aitzakian, aste bitarteko elkargune.    

Hogei urteko ibilbidea bete du Okondoko Mesoiak azken etapa honetan. Eta, herrian dauzkagun  gainerako taberna eta jatetxei ezer kendu barik, bertoko zein inguruko herrietako hainbatek erreferente argi bat galdu dugu, gurea bezalako herritxo batean galera garrantzitsua. Baliteke ere  itxiera horrek beste ate batzuk irekitzea eta aukera berriei bidea zabaltzea baina, oraingoz, zaila zaigu taberna eta jantoki baino zertxobait gehiago izan den horren falta ez igartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa