“Umoregilea biluztu egiten da jendaurrean”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko ots. 16a, 07:00

Kazetaria da ogibidez Kaitin Allende Zaldunbide. / Aiaraldea.eus

KAITIN ALLENDE ZALDUNBIDEk (Arrasate, 1972) bakarrizketa mundura egin du jauzi. Okondon eskaini du ikuskizuna, eta beste hainbat tokitan ere egongo da. 

Okondon aritu zinen bakarrizketatzaile gisa. Zer taularatu zenuen?

Kazetaria naizenez, irrati esataria, nire egunerokotasunean egin beharreko peripezia eta abenturak kontatzen ditut. Artistak eta kazetariak 1.0 obran kazetariak ere artistak garela aldarrikatzera nator, malabareak egin behar izaten ditugu gure lanbidean askotan eta.

Kazetaritza eta irratigintza izan dira zure inspirazio iturri, beraz?

Bai. Sorkuntza prozesurako balio izan dit, gidoia idazteko. Hortik harago, pilatutako esperientziak ez du izan zerikusirik taulara igotzeko orduan. Mikrofonoa tartean dagoela da duten lotura bakarra. Ikasi beharra dago bakarrizketak gidatzeko.

Ni ikastaro batean egon izan naiz. Jorge Loza irakaslearekin aritu naiz ni astero Gasteizen. Ikastaroa egin dugun guztiok bakarrizketa txikiak prestatu ditugu, eta ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dugu Gasteizko Baratza aretoan. Ez da batere erraza monologoak egitea, komedian aritzea eta barrea eragitea.

Gidoiak ala taularatzeak, zer du garrantzia gehiago?

Biek, oreka egon behar da bien artean. Gidoi on batekin taula gainean ez badakizu egoten... biak dira garrantzitsuak.

Zerk bultzatu zaitu bakarrizketa mundura?

Nire bizitzan zehar askotan esan didate bakarrizketak egin beharko nituzkela, gertukoak asko tematu dira. Azkenean, lanbide bakoitzak bere errespetua duenez (nik pertsona bakoitza miresten dut edozer egiten duela ere) bakarrizketak egiteko prestakuntza jasotzea erabaki nuen. Lagun artean zirikatzen dabilena izatea edo oholtzara bakarrik igotzen dena barre eragitera, ez da berdina.

Emakumezko monologistak gutxi zarete, eta euskaraz zabiltzatenak are... Zeintzuk dira zure erreferenteak?

Euskaraz apenas daude, baina oso gustuko ditut esate baterako Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai. Alabaina, biek egiten dute batera emanaldia eta 2 piezak nahastu behar dituzte. Erreferenteak bilatzeko gaztelerara jo behar izan dut, nik gailurraren puntan beti izan dut Eva Hache. Orain, sortu berri den beste izar bat dago: Susi Caramelo, tamainan gara berdinak bakarrik, biak oso baxuak baikara. Euskarazko monologista emakume oso gutxi gaude, eta nire adinekoak ia... ez dakit baten bat egongo den!

Eskualdean ez dago umoregilerik, nik dakidala...

Akaso egongo da, baina oraindik ez da atera! Euskarazko erreferenteak behar dira, berdin da margolaria, abeslaria, hizlaria edo monologista izan! Apustu hori egin behar da, nik argi dut: nire debuta euskaraz izan zen, eta nire lan guztiak euskarazkoak izango dira. Okondokoa salbuespena izango da, herrian eskatu zidaten gazteleraz egiteko...

Ni Arrasatekoa naiz, eta euskaraz izateagatik emanaldira etortzen ez direnei esan nahiko nieke euskaraz tutik ulertzen ez zutenak barre algarengatik negarrez bukatu zutela. Beste emakume batek, ikuskizuna bukatzean, ingeleraz "you are wonderfull" esan zidan; alegia, hizkuntza ez da muga.

Nik asko transmititzen dut nire keinu edo mugimenduekin, eta horrek komunikazioari plusa ematen dio.

Umorea egiteak badu mugarik?

Ez. Beste kontu bat da bati grazia egin diezaiokeela, eta beste batzuei ez. Niretzat gai guztiak landu daitezke, publikoarengana iristeko mila modu dituzu, moduan asmatu behar da. Umoregilea biluztu egiten da jendaurrean, berataz (kasu honetan nitaz) barre egin dezakezu; beraz, zergatik alderantziz ez? Barre eragitea oso zaila da, mugak jartzen hasiz gero...

Barreak eraldatzeko ere balio du, zure ustez?

Bai. Sekulako astokeria barrezka esaten baduzu, ezberdina da erreakzioa. Hor dago koska, minik ez eragiteko eta barrea sortzeko esateko moduan. Ez dago formula miragarririk, denborarekin ikasi behar den zerbait da. Ni hasiberria naiz, baina ahaleginduko naiz jartzen dizkiguten muga horiek gainditzen. Ez dizkigute hegalak moztuko, hasi baino ez gara egin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide