Ugalde auzoko bidea eraberrituko da aurten Okondon, Ibarra baserritik Landeta baserrira doazen bi kilometroak eraberrituko dira, hain zuzen ere.
Obrak, udalak adierazi duenaren arabera, 360.796 euroko aurrekontua izango du, zeinaren %90 Arabako Foru Aldundiak finantzatuko duen, Foru Planaren barruan.
Obren esleipena otsailaren amaieran egitea espero du udal gobernuak, eta hiru hilabeteko iraupena izango dute egikaritzeko.
Tokiko erakundeak adierazi duenez, “hamabost urte igaro dira bidea azken aldiz berritu zenetik” eta han bizi diren 40 lagun inguru konponketa eskatzen ari ziren. Bideak dituen zuloak eta kalteak kenduko dira.