Hiru milioi euro baino gehiagoko udal-aurrekontuak izango ditu aurten Okondok, EAJ eta EH Bildu akordio batera heldu eta gero. Apirileko Udal Osoko Bilkuran egingo dira ofizial. Sare bereizketaren obrarako diru-partidak barnebiltzen ditu aurrekontuak, 1.428.670 euro bideratuko baitira horretara. Aurten hasi eta 18 hilabetez luzatuko dira lan horiek.
EAJk ohar batean zehaztu duenez, hilerriko ermita birgaitzen jarraituko da aurten eta Ugalderako bidea konpontzeko obra ere egingo da, 256.466 euro inbertituta. Kultura, udal aisialdi ikastaro eta entretenimendurako 35.000 erabiliko dira aurten.
Ekonomiaren lehenengo sektoreari dagokionez, “60.000 euro baino gehiago” inbertituko dira “abeltzaintza mahuka” eraikitzeko, mendietako zaintzarako, sastrakak kenduta, ongarria erabilita eta inausketa eginez. Beste 22.000 euro udal garbiketa zerbitzuetarako erabiliko dira. Covid-19ak sortutako krisiari dagokionez, 7.600 euroko partida bideratuko da “alarma egoera sortzen ari den gastuak arintzera".