KAITIN ALLENDE ZALDUNBIDE

"Futbolean publikoa beharrezkoa dela aldarrikatzen badute, umorean gauza bera egin behar dugu"

Aitor Aspuru Saez 2020ko mai. 31a, 09:45

Kaitin Allende Okondon./ Aiaraldea.eus

KAITIN ALLENDE ZALDUNBIDE (Arrasate, 1972) langabezian utzi zuen COVID-19ko pandemiak modu bikoitzean: kazetaritzan zein umoregintzan. Egoera horri buruz mintzatu da Aiaraldea Hedabidearekin.

Zer suposatu du zuretzat COVID-19 birusaren pandemiak?

Hasteko, lanik ez edukitzea. Bakarrizketarik ere ezin dut egin, baina autonomo faktura guztiak ordaindu behar ditut.

Hau da, gastuak mantendu dira, baina diru sarrerarik ez dago. Bakarrizketen bira, printzipioz, bertan behera geratu da, jakin barik etorkizunean horrelako emanaldiak eta ikuskizunak noiz egingo diren.

Batzuk ezer ezean geratuko dira eta agian beste batzuk egiteko aukera izango dugu. Hainbat hitzordu nituen, baina batzuk atzeratu dira eta agian beste batzuk ez dira inoiz egingo. Ez dakit ezer, dena da galdera ikur handia.

Profesionalki nola eragin dizu?

Kazetari lanari dagokionez, informazio sasoi honetan asko eskertu, eskaini eta eskatzen da, baina behin-behineko kontratua genuenok martxoaren 13tik etxean gaude lan egin gabe. Kazetaritza ezinbesteko zerbitzua izanik ere, etxean jarraitzen dugu lan egin gabe.

Hitz egin duzu lankideekin?

Salbuespenak salbuespen, guztiok gaude lan egin gabe, behin-behineko kontratua dugunoi dagokionez. Beste esparruan gauza bera, bietan egoera txarra da. Ez dago lanik eta antzerkian ezta ere; umoregileak, pailazoak, zirkua, musikariak, idazleak...

Sorkuntza handia egon da, baina ikusiko da hemendik aurrera zer gertatuko den, orain arte doakoa izan baita.

Noiz irekiko dira aretoak, noiz hasiko gara kultura ordaintzen? Egingo ote dira herriko jaiak? Nola? Kultura beti izan ohi da azkena, eta oraingoan ere horrela gertatuko denaren susmoa daukat,

Bitartean sortzaileek eskaintza anitzak egin dituzte. Asko sortu da konfinamenduan, eta dute ezer jaso trukean. Itxialdian beharrezkoa izan da kultura, baina ea balio ematen zaion hemendik aurrera.

 

"Kultura beti da azkena"

 

Nola eragin dizu bat-batean jarduera profesionala eten beharrak?

Behin-behineko kontratuak ditugunok badakigu gorabeherak daudela; kontratuak, finikitoak... Horretarako beti gaude prest.

Konfinamendua heldu zenean, finikitoa jasotzen ari nintzen. Hau da, askotan bizi izan dudan egoera. Orduan, une honetan ezin geldirik egon. Gainera, zaintza da ardatz nagusia eta lehentasuna; herrian, familian, lagunen artean... Boluntariotzari ekin diot eta abadea ere lagundu dut, behar izan duenean.

Etxean ere bakarrizketak grabatu ditut, etxean sasoi txarrak izan dituztenei barreak eragiteko. Asko pozten nau. Ikasteko, idazteko, telebista saioren bat ikusteko aukera izan dut, hortaz, aktibo egon naiz, beti bezala.

Zeintzuk dira aurreikuspenak, zure ustez?

Kazetaritzan eta umorearen munduan nahiko nuke baikorra izatea, baina argi dago kazetaritzan egoera ez dela ona eta, ondorioz, aurreikuspenak ezin dira onak izan. Aldaketak iritsiko dira eta ez dira positiboak izango.

Umoreari dagokionez, ez dugu galduko, baina ikusiko da zenbat umoregile ateratzen diren zulotik, nola eta noiz egingo diren ikuskizunak. Bakarrizketak egiteko, ezinbestekoa da publikoa, eta futbolean aldarrikapen hori egiten bada, barkatu, baina umorea ez da atzean geratuko.

Publikorik gabe ez da gauza bera, eta ez dago beharrik azaltzeko zergatik. Argi dago zein berotasun ematen duen.

Bakarrizketak egiten dituenarentzat, antzezleentzat edo dantzarientzat bezala, badakigu baldintzak okertuko direla.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide